Azkoien eta Erriberri arteko AHT, 43 milioi eurotan

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 30a, 08:36

Espainiako Gobernuak Nafarroakoa obren kudeaketatik baztertu eta AHTaren lanak bere eskuetan hartu zituenetik egindako lehen lizitazioa da.

Azkoien eta Erriberri arteko zatiko obrei ekitea proposatu du Adifek. 43.194.850,2 eurotan eskaini du obra, BEZ barne, eta 29 hilabeteko epea jarri du lanak bukatzeko. Orain enpresek beren eskaintzak aurkeztu ahalko dituzte, AHTaren obra berriak Nafarroan sei urtez geldirik egon eta gero. Eskainitako obra zatiak 10,3 kilometroko luzera du, eta Azkoien, Martzilla, Faltzes eta Erriberriko lurrak ukitzen ditu. Joan diren asteetan egin dituzte lurren desjabetzeak, hainbat herritarren protesten artean.

Obra hori Zaragoza eta Iruñea tren lasterraren linea barruko atal bat da, era berean Kantabrikoaren eta Mediterraneoaren arteko korridoreko parte den. Azterketa lan gehiago ere egin izan dituzte zati horretan, baina, praktikan, bi zatitan bakarrik egin dituzte obrak orain arte: Castejon eta Cadreita arteko zatia (40,6 milioi euro; 6,2 kilometroko luzera) 2011ko azaroan lizitatu zuten; Cadreita eta Alesbes arteko zatia (35,9 milioi euro; 8,6 kilometroko luzera) 2011ko maiatzean lizitatu zuten.

Urriaren 16an bidali zion Nafarroako Gobernuak Azkoien-Erriberri AHTaren zatia egiteko proiektua Espainiako Sustapen Ministerioari. Tren lasterraren kudeaketari buruz ados jarri ezinik aritu dira bi administrazioak hilabeteetan. Bestalde, UPNk akordio bat egin zuen Espainiako Kongresuan PPrekin, AHTaren lanak bizkortzeko Nafarroan. Madrilek, azkenean, obrak bere gain hartzea erabaki du, eta hori erabaki eta laster egin du lehen lizitazioa.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!