Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoan bi egunean bi azterketa egotea nahi du PSNk -bat, gaztelaniaz; bestea, euskaraz-, eta epaimahai ezberdinek ebaluatu ditzaten probak. Hala, gaztelaniazkoentzat bi epaimahai izanen dira eta beste bat, euskarazkoentzat –gaztelaniaz bi izanen lirateke jende gehiago aurkeztuko delako, euskaraz ere egin dutenak barne-. Ondorioa: euskaldunek bitan probatu beharko dute gai beraren inguruko beren jakintza, bi etsamina egin beharko baitituzte, bi zerrendetan egoteko.
Lege proposamena aurkeztu zuen atzo PSNk Nafarroako Parlamentuan, eta bidea egin du, babesa azaldu diote-eta UPNk eta PPk, baita gobernua sostengatzen duen Ezkerrak ere. Laurek uste dute bi azterketa egitea "aukera berdintasuna" bermatzea dela. Legea abenduaren 21ean aprobatzea da litekeena, izan ere, Ezkerraren botoei esker, gehiengoa osatzea lortu dute.
Gehiengo sindikalaren kontrako lege proposamena da, Hezkuntzako eta Funtzio Publikoko mahai sektorialek zerrenda bakarraren aldeko hautua egin dutelako.
Euskarak abantailak eman ez ditzan
"Inork ez du abantailarik izan behar euskaraz jakiteagatik", esan du UPNko buru Javier Esparzak, zerrenda bakarrari erreferentzia eginez, eta Maria Chivitek (PSN) bi azterketak hezkuntza komunitateari "mesede" egiten diotela eta "berdintasunaren aldeko" neurria direla adierazi du. "Aukera berdintasunaren" argudioa erabili du Ezkerrako buru Jose Luis Nuinek ere, eta Nafarroako Gobernuari leporatu dio elkarrizketarako aukerarik ez ematea: "Gobernuarekin hitz egitea ezinezkoa izan da". Gobernuko ordezkariek, ordea, laukoa osatzen duten taldeekin "etengabe" hizketan egon direla jakinarazi dute.
"Apartheid linguistikoa"
Azterketa bakarra behar dela defendatu dute Geroa Baik eta EH Bilduk, horrek ziurtatuko luke-eta aukera berdintasunean euskaldunek eta erdaldunek proba egin eta notaren araberako zerrenda bakarra osatzea; gainontzekoan, bitan ebaluatuko dituzte euskaldunak.
Euskaldunen eskubideak orain arte bermatu ez direla eta zerrenda bakarra "apartheid linguistikoari" aurre egiteko tresna dela aldarrikatu du EH Bilduk: "-Bi zerrendekin- euskaldunek dituzten eskubideak ez dira bermatzen ari. Gaztelaniaz ere badakiten euskal hiztunak bereizi eta mugatu egiten dituzte, bi epaimahaitan banatuz". Ildo berean aritu da Geroa Baiko eledun Koldo Martinez: "Azterketa bat egin behar da, eta azterketa horretan irakale guztiek probatu behar dute dakitena". Hori "zilegia, demokratikoa eta gehiengo sindikalaren aldekoa" litzateke, Martinezen hitzetan.
Ahal Duguk ez du apustu argirik azaldu. Bi azterketa egitearen aldeko PSNren lege proposamenarekin bat egin ez badu ere, zerrenda bakarraren inguruko jarrera asteburuan egitekoa den herritarren kontseiluak zehaztuko du.