Elkartasun oldeak aurrera segitzen du Altsasuko gazteen alde

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 27a, 08:02

Manifestazioa egin dute atxilotzeak izan zirela urtebete pasa denean. 5.000 lagun batu dira Altsasun espetxean diren hiru gazteak askatu eta justizia egin dadin aldarrikatzeko. 

Manifestazioan salatu dute Espainiako justiziaren jarrera: Auzitegi Nazionalak terrorismo delitua egozten die ustez zerbitzuz kanpo zeuden bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egiteagatik. 2016ko urriaren 15ean izan zen. Goizaldean, taberna giroan izan zen liskar hori, herrian, jaiak ospatzen zituzten egunean. Bada, Fiskaltzak 50 urteko kartzela zigorra eskatzen du sei auzipeturentzako, 62ko espetxealdia beste batentzako eta 12 urtekoa zortzigarrenarentzako. 

2018ko apirilean izango da haien kontrako epaiketa. Altsasukoak Aske herritar plataformak "muntaia" salatu du, eta nabarmendu du "epaiketa iruzurtia" ari dela prestatzen Auzitegi Nazionala. Adierazi dutenez, horren adierazle da auzitegiak defentsaren frogak baztertu izana. "Justiziarik ez da izanen", beldur dira. "Proportzionaltasunik gabe ari da muntaia guztia izaten eta bermerik gabeko epaiketa etorriko da apirilean", nabarmendu dute. 

Urte bete joan da liskarraren ostean hamar lagun atxilotu zituztenetik. Ordutik, Jokin, Adur eta Oihan espetxean dira. Terrorismo delituak egozten dizkie epaileak, eta modu horretara epaikuko dituzte: "terrorismo delituak" ikusten dituzte taberna giroko liskar batean. "Gizarteak argi du halakorik onartu ezin dela. Ezin da sinetsi terrorismoa egoztea liskar bati. Urte honetan elkartasun oldea izan da Altsasukoekiko". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!