Altsasuko auziko ahozko epaiketa datorren urteko apirilaren 16tik 27ra bitartean izanen da, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Zortzi gazte daude auzipetuta, eta fiskalak 50na urteko espetxe zigorra eskatzen die seiri, 62 urtekoa beste bati, eta 12 urtekoa beste bati.
Joan den astean bete zen urtebete zortzi gazte atxilotu eta horietatik sei espetxeratu zituztenetik. Urtebete geroago, espetxean jarraitzen dute Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz altsasuarrek.
Defentsarako abokatuek kezka adierazi dute auzian izaten ari diren "berme falta" dela eta. Astelehenean, berriz, Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordea agertu zen kezkatuta, auziaren "proportzionaltasun falta" dela eta.