Hezkuntzan zerrenda bakarra teknikoki eta legalki ezarri daitekeela esan du Solanak

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 15a, 08:49

Parlamentuko lan saio batean hitz egin du zerrenda bakarra ezartzeko aukeraz. Uste du hezkuntza kontseilariak oraindik badela denbora akordio batera iristeko. 

Legalki eta teknikoki heldu den Lan Eskaintza Publikoan zerrenda bakarra ezarri daitekeela esan du berriz ere Maria Solana hezkuntza kontseilariak parlamentuko lan saio batean. Hizkuntzen arabera zerrenda banatan egin beharrean, espezialitateka bereiztuko dituen zerrenda bakar batez ari da. Alegia, egun gaztelaniazko zerrenda bat eta beste bat euskarazkoa baldin badaude, biak batzea posible dela uste du Solanak. 

Irakasleen sarbidea funtzio publikoan aldatuko litzateke zerrenda bakarra sortzearekin batera. Oposizio fasea amaitutakoan, merituak eta puntuazioen gehiketa eginda, plazak eskuratzera joko litzateke eta euskarazkoetara jotzen duten horiek rekisito hori badutela ziurtatuko da. Pausu gehigarri bat izanen luke: epaimahaiak putuazioa apuntatu aurretik ekitaldi publiko batean adierazi beharko lukete zein hizkuntzatan aritu nahi duten. 

Babes nahikorik ez duen zerrenda

Oposizioak bereari eusten segitzen dio. UPN, PSN eta PPN orain arte bezala egindakoarekin jarraitu nahi dute. Hizkuntzen eta espezialitateen araberako segregazioarekin. Geroa Bai eta EH Bildu bat datoz zerrenda bakarra osatzearekin eta Podemos-Ahal Dugu zein Izquierda-Ezkerrak zehaztasun handiagoak eskatzen dituzte zerrenda bakar horren inguruan. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!