Bortxaketa salatu zuen emakumeak gaur deklaratuko du epailearen aurrean

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 14a, 07:28

>Bideokonferentziaz deklaratzeko eskaera egin zuen emakumeak baina epaileak ez zuen onartu. 
>Nafarroako Auzitegian izanen da gaur testigantza ematen. 
>Bost akusatuek errugabe jo dituzte euren buruak. Horietako batek onartu du mugikorra lapurtu ziola. 

Berbiktimizazioa hein batean ekiditeko bideokonferentziaz deklaratzeko eskaera egin zuen biktimaren abokatuak baina epaileak ez zuen halakorik onartu. Taldean bortxatu zutela salatu duen emakumeak Iruñeko Justizia Auzitegian egon beharko du gaur deklaratzen. Bere testigantza entzun nahi du epaileak bertatik bertara. Hori bai, emakumearen intimitatea babesteko neurriak hartu dituzte. Deklaratuko duen aretoko leiho guztiak estali dituzte eta ohikoa ez den ate batetik eginen du sartu-irtena emakumeak. Komunikabideetako kamerek ezin izanen dute Justizia Jauregira sartu. Eta, epaiketa guztia ate itxiekin egiten ari dira. Emakumeak ez ditu ustezko bortxatzaileak ikusiko. 

Aurretik ere, bortxaketa jasan behar izan zuen emakumeak idatziz jaso du bere testigantza. Latza. Eta hori irakurri dute epaiketa horretan lanean ari diren argibide epaileek. Horren arabera, frogatutzat jotzen dute bost gizonezkoek indarra baliatu zutela emakumearekiko. Behin eta berriro bortxatu zutela eta argia dela emakumearen onespenik ez zutela izan. Bideoek ere hori erakusten dutela esana dute. 

Astelehenean hasi zen epaiketa eta azaroaren 24ra arte izanen dira goizez saioak egiten. Iazko sanferminetan emakume bat taldean bortxatzeagatik bost dira akusatuak. Atzo epaileari esan zioten errugabeak zirela. Euretako batek onartu zuen bakarra izan zen mugikorra ohostu ziola emakumeari. Bere burua identifikatu nahi izan ez duen gizonak, Guardia Zibil ohiak baieztatu zuen epailearen aurrean mobila lapurtu ziola egun hartan emakumeari. Bost gizon horiek ez zuten besterik adierazi atzo, azaroaren 22an eginen baitiete galdeketa. 

Erasoarekin lotutako bost gizon epaituko dituzte

Eraso matxista 2016ko uztailaren 7ko goizaldean gertatu zen, eta bost dira eraso sexista horri lotuta epaituko dituzten akusatuak; tartean, guardia zibil bat eta militar profesional bat. Fiskaltzak 22 urte eta 10 hilabeteko espetxe zigorra galdegin du bostentzat; akusazio partikularrak, berriz, 24 urte eta 9 hilabetekoa; Iruñeko Udalak 25 urte eta 6 hilabete eskatu ditu; eta Nafarroako Gobernuak, azkenik, 25 urte eta 9 hilabeteko kartzelaldia galdegin du. Sexu eraso jarraitua, intimitatearen kontrako delitua eta indarkeriaz eginiko lapurreta egozten dizkiete.

Iaz izandako bortxaketa hori ez dute genero indarkeriatzat hartzen eta horrek epaiketan berean hutsuneak eta gabeziak eragiten ditu, baita, emakumearenganako jarreran ere. Genero indarkeriaren Espainiako 2004ko legearen arabera epaituko balute (lege horrek ez ditu sexu erasoak genero indarkeriatzat hartzen) biktimari hainbat baliabide izateko aukera emanen liekete; besteak beste, epaiketa azkarrara egitea, edota Madrildik deklaratu ahal izatea. Hori dela eta, Espainiako legedia alboratu eta Nafarroako foru legea aplikatzea galdegin dute eragile askok, bereziki emakumearen aldeko taldeek. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!