Pobrezia energetikoari aurre egiteko, bono sozial berriak

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 6a, 08:17

>Iraila arte Nafarroan 20.308 familiak izan dute eskatua bono soziala elektrizitatearen faktura ordaindu ahal izateko. 
>Bono sozial berriekin fakturan %25 eta %40 arteko deskontua aplikatuko zaie behar gehien dutenei.

Elektrizitateak sortzen duen gastua familia askorentzat jasanezina da. Ez zaie iristen halako fakturei aurre egiteko eta krisiak kolpatu zituenetik pobrezia energetikoan bizi izan dira asko. Horri aurre egiteko "bono sozialak" jaulki dituzte. Horri esker Nafarroan 20.308 familiek eskuratu dituzte argiaren fakturan deskontuak. Orain, bono sozial horiek berrituak datoz eta beherapena %25 eta %40 artekoa izan daiteke familia bakoitzaren erretaren arabera. Irizpide berriak izanen ditu bono sozialak: familia bakoitzaren diru-sarrerak hartuko dira kontuan eta urtean kontsumitzen den energia kopurua ere bai. 

Hiru taldetan sailkatuko dituzte familiak

Elektrizitatea ordaindu ahal izateko laguntzak familia askori iristen zaizkie. Bono sozial berriak jaulkiko dituzte orain eta eskaera berritu beharko dute baita dagoeneko bono hori badutenek ere. Irizpide aldaketa dakar bono sozial berriak eta irizpide horiek betetzen direla ziurtatzeko eskaera berriz egitea ezinbestekoa da. Hiru talde handi bereiztuko dira: zaurgarriak, oso zaurgarriak eta gizartetik kanpo geratzeko arriskuan daudenak. 

Zaurgarrien artean deskontua %25era iritsi daiteke. Adin txikikorik ez duten familiei aplikatuko zaie eta euren diru sarrerak 1,5 aldiz Iprem-a (Efektu Anitzeko Errentaren Adierazle Publikoa) edo txikiagoa denean. Adin txikikoak tartean izanda gainera eta bi aldiz ez bada gainditzen Iprema ere deskontua %25ekoa izanen da. Bi adin txikiko baleude familia horietan 2,5 aldiz Iprema izatea hartuko da kontuan.  

Oso zaurgarriak diren familiei %40ko deskontua eginen zaie diru sarrerak txikiagoak dituztelako. Adin txikikorik gabeko familietan eta 0,75 aldiz Iprema hartuko da kontuan, adin txikikorik izatekotan Iprema bera hartuko da kontuan eta adin txikiko bat baino gehiago dagoenetan Iprema 1,5 aldiz izanen da kontuan hartuko dena. 

Gizartetik kanpo geratzeko dauden familien artean %40ra arteko deskontua izan dezakete. Kasu horietan erkidegoko oinarrizko gizarte zerbitzuak hartzen du parte eta fakturaren erdia ordaintzen diete familia horiei. Kasu horietan Legeak ez die baimentzen energia enpresei elektrizitatea moztea. 

Urrian hasi zen epea bono sozial berriak eskatzeko eta apirilaren 10a arte izanen da aukera. Energia kontratatua duten enpresari egin beharko diote eskaera zuzenean (Iberdrola, Endesa, Gas Natural...edo dena delakoa). 

Bono sozial berria, norentzat?

>Zaurgarriak diren kontsumitzaileak (%25eko deskontua): 

11.279 euroko diru-sarrerak dituztenentzat. Gehienez 120 kwh/hileko, 1.200 kwh/urteko. 

15.039 euroko diru-sarrerak dituztenentzat eta adin txikiko bat tartean. Gehienez 140 kwh/hileko, 1.680 kwh/urteko. 

18.799 euroko diru-sarrerak dituztenentzat eta bi adin txikiko tartean. Gehienez 170 kwh/hileko, 2.040 kwh/urteko. 

>Oso zaurgarriak diren kontsumitzaileak (%60ko deskontua)

Orain arte aipatutako irizpideetan beste hauek gehitzen zaizkionean: 

-Aurreko diru-sarreretatik %50 jasotzen denean bakarrik. 

- Familia ugariak 15.039 euroko diru sarrerekin. 

- Pentsiodunak eta euren familian diru sarrera 7.520 euro direnean. 

>Gizartetik kanpo geratzeko arriskuan dauden kontsumitzaileak (%60ko deskontua):

-Oso zaurgarriak dira eta gainera arriskuan daude. Hortaz: 

-Udaleko edo erkidegoko oinarrizko gizarte zerbitzuek atendituko dituzte. 

-Abonoa jasotzeaz gainera udalak edo erkidegoak fakturaren %50 ordainduko die.  

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!