AHTaren kontrako eta tren sozialaren aldeko bizikleta martxara deitu dute larunbaterako

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 2a, 09:01

Trena Bai, AHT ez. Herriak erabaki! lelopean eginen dute bizikleta martxa, Nafarroako jauregitik abiatuta, Carlos III.aren kaletik, larunbatean, 11:30ean.

Tres sozialaren aldeko iniziatibak deitu du bizikleta martxara, heldu den larunbatean, lelo berarekin antolatu duen manifestaziora dei egiteko -manifestazioa 17:00etan izanen da, Gazteluko plazatik abiatuta, larunbatean, hilaren 11rekin-. 

Bizikletaz Iruñerriko hainbat auzo zeharkatuko ditu martxak, eta Etxabakoitzen amaitu, zizka-mizka batekin. Nafarroak behar duen tren ereduari buruzko "eztabaida sozial eta parte hartzailea" abiatzea premiazkoa ikusten dute. 

Manifestua aurkeztu zuten heldu den astean eta, besteak beste, AHTak lekarzkien kalteak aipatu zituzten: "Lurrean duen eragin ikaragarria hektarea asko hartu eta bertan hesia sortzen duelako. Bere balio ekonomiko itzela eta horri gehitu beharko zaizkion etengabeko diru-laguntza publikoak, korridore honek ez baitu bidaiari kopuru nahikorik izango funtzionamenduen kostuak berdintzeko. Kostu horrek beste beharrak asetzeko bitartekoak kenduko ditu. Bere zalantzazko erabilgarritasuna merkantziak garraiatzeko garaian. Castejon, Tafalla edo Altsasu bezalako herriek izango duten okerrerako aldaketa, zeren eta distantzia luzeko trenen sarbidea galduko baitute".

AHTaren kontrako eta tren sozialaren aldeko manifestua osorik irakur daiteke hemen. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!