Urriaren 26an abian jarri zen “Nafarroako uzta, euskarari puzka” Errigora ekimenaren kanpaina berria. Azaroaren 14ra arte eskatu ahal izanen dira saskiak on-line edo ohiko banaketa tokietan, errigora.eus gunean adierazten den bezala. Aurten Nafarroako hego eta erdialdeko 25 ekoizlek eta nekazarik hartuko dute parte.
Kanpaina honetako lelo nagusia Herrilana da eta bi berrikuntza ekarriko ditu. Alde batetik kanpainan zehar Errigora zer den erakusten duen karpa bat ibiliko da herriz herri eta, bestetik, saskiak prestatzeko Ablitasen egiten den Herrilana aurten kanpainaren erdian eginen da, azaroaren 2tik 5era.
Lehen egunean Lodosa, Biana eta Tuterako ikastolako haurrak bildu eta Porrotxekin batera Herrilanean arituko dira kartoizko kutxak prestatzen. Ondoren olio errota bat bisitatuko dute.
Bigarren egunean Ablitaseko kooperatiban saskiak muntatzeko erabiliko diren produktu eta ekoizle guztiak bilduko dira.
Hirugarren eta laugarren egunetan berriz, Euskal Herri zabaletik Ablitasen bildutako boluntario guztiekin saskiak prestatu eta jai giroko egitaraua izanen dute.
Iaz 14.000 saski inguru banatu ziren eta 175.000 euroko ekarpena bideratu zuten euskalgintzarako.
Kanpaina berriaren inguruko informazioa eman digu Errigorako kide Ibai Sueskunek.