Geroa Bai sartuko da Iruñeko Udal gobernuan, baina beste taldeetako zinegotzirik ez da aterako, izan ere, sail kopurua handitzea izan da udal gobernua birmoldatzeko hautatu duten formula: zortzi sail zituen lehen eta hamar izanen ditu hemendik aurrera -Gardentasuna, Berrikuntza eta Hizkuntza politika saila eta Komunitatearen Garapenerako saila dira bi arlo berriak-.
Aldaketa nabarmenena, EH Bilduko Aritz Romeoren gidaritzapean zegoen Herritarren Segurtasunerako saila Geroa Baiko Itziar Gomezen esku geratuko dela eta Romek sortu berri duten sail bat hartuko dutela: Gardentasuna, Berrikuntza eta Hizkuntza politika.
Horrez gainera, Geroa Baiko Esther Cremaesek ere ardura izanen du Udal Gobernuan, Komunitatearen Garapenerako sail sortu berria hartuko du-eta. Hala, aldaketaren alde dauden lau indarrek izanen dute zinegotzigoren bat Iruñeko Udal Gobernuan.
"Negoziazioaren" emaitza
Joseba Asiron Iruñeko alkateak esan du ekainetik hona izandako "negoziaketen ondorio" direla aldaketak. Helburua, "eraginkortasuna" sendotzea. Halaber, "erabakiak hartzea" erraztuko duela adierazi du alkateak, kudeaketa "erraztuko" duela. Hareago ere joan da alkatea: adierazi du 2015ean, udal gobernua eratu zenean, hark lau taldeak egotea nahi zuela eta oraingo eskeman hori lortu dutela.
Herritarrekiko "konpromisoa indartu" egin da, "ardurak banatu" dira eta "aniztasuna indartuta" atera da Asironen hitzetan.