Hamaika dira Otsoportillon aurkitutako gorpuzkinak

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 30a, 07:48

Aranzadi Zientzia Elkarteak Urbasako simetan egindako zenbait aurkikuntzaren argazki bat. Arg:

Beste desobiratze baten bidez hiru gorpu gehiagoren arrastoak ateratzea lortu dute, eta guztira, sima horretan hamaika dira aurkitutako hezurdurak. 

Nafarroako Gobernuaren desobiratze programaren barruan, iaz hasi ziren lanketa horietan Aranzadi Zientzia Elkarteko adituak. Paco Etxeberria forensearekin batera lantaldeak Otsoportilloko siman zortzi gorpuren zantzuak topatu zituzten. Horietatik, lau gorpuzkinen identifikazioa egin ahal izan dute Gobernuak berak jarritako DNA Bankuari esker.

2016ko desobiratze  hartan ikusi ahal izan zuten 1936az geroztik obra-hondakinak edo zaborra batez ere bota zutela nahita, hor lurperatuta zegoena izkutatu nahian-edo. Bake eta Elkarbizitza Departamentuak zituen datuen arabera, zortzi baino gehiago izan zitezkeen sima hartan lurperatuak zeuden gorpuak. Hori hala, sima horretan jaurtitako zabor guztia erretiratzera jo da eta hala, aukera guztiak aztertzea gorpuzkin gehiagoren bila. Hori baita modu bakarra 36an hil eta desagertarazi zituzten pertsonen gorpuzkiak aurkitzeko.

Urrian egin dira azken desobiratzeak. Urriaren 12a eta 15 bitartean lanean aritu dira Aranzadi Zientzia Elkarteko lan taldeak eta eskeleto berriak errepukeratzea ahalbidetu du horrek.

Topatu dituzten hezurdurak lur azpian 0,4 eta 2 metroko sakoneran aurkitu dituzte, simara jaurtitako harritzarren azpian. Aurkikuntza honekin hamaika dira guztira Otsoportilloko siman aurkitu dituzten gorpuzkinak. Hezurdurak eta gorpuzkinak aurkitzeaz gainera, bestelako tresneria ere aurkitu dute: pistola bat eta jaurtigai zenbait.

Lanek aurrera segituko dute

Desobiratze horien ondoren Aranzadi Zientzia elkarteak analisi antropologikoa egin du eta aurkitutako gorpuzkinen patologia ere ikertu du. Une hauetan, DNA analisiak egiten ari dira eta badute esperantza identifikazio gehiago eskuratuko dituztela.

Duela 80 urte hil zituzten frankistek eta Otsoportiolloko simara jaurti zituzten. Senitartekoei gorpuzkinak itzultzea eta hilobiratze duina egin deizaieten nahi dute Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!