Nafarroako estatus politikoa eta juridikoa aldatu nahi duten ekimenak arbuiatzeari uko egin dio parlamentuak

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 23a, 09:00

Nafarroa "Espainia barruko foru komunitatea" dela zalantzan jartzen duen ekimen ororen inguruko eztabaida galarazi nahi izan du PPk, mozio baten bidez, baina ez da aurrera atera, laukoak kontra egin ostean.

Nafarroaren estatus politikoa aldatu nahi duen ekimen oro arbuiatzeari uko egin dio parlamentuak. PPren ekimena izan da eztabaida galarazi nahi izatea, EH Bilduk euskal errepublika konfederalaren aldeko apustua azaleratu ostean. Popularren Nafarroa "Espainia barneko foru komunitatea" dela ezbaian jartzen duten proposamen guztien inguruko eztabaida galarazi nahi izan du, mozio baten bidez; PPren eta PSNren babesa jaso duen arren, aurka agertu dira Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra; eta, beraz, proposamenak ez du aurrera egin. 

PPN talde parlamentarioak bultzatutako mozioaren zioen azalpenean, EH Bilduk hilaren 7an egindako konferentzia politikoa aipatzen zen, nola Bilduk bere apustua berretsi zuen Euskadiko, Nafarroako eta Frantziako Euskal Herriko hiru errealitate administratibo eta instituzionalak barne hartuko dituen Euskal Errepublika Konfederalaren alde, eta, horren haritik, Foru Komunitatearen egungo estatus politikoa eta juridikoa auzitan jartzen duen saio oro arbuiatzeko eskatzen zion Barkosen Gobernuari.

Era berean “lehendakariak eta kontseilariek beren karguen jabetza hartu zutenean hartutako konpromisoa” gogorarazten zuen proposatzaileak, eta, horri jarraikiz, eskatzen zien “Foru Eraentza errespetatzeko eta Konstituzioari eta legeei men egiteko, halatan ekidite aldera, Katalunian gertatzen ari den legez, Gobernuak prozesu anexionista edo sezesionista bat, nafar gehienek bere egiten ez dutena, abiarazteko ahalegina egitea”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!