Jordi Sanchez eta Jordi Cuixarten espetxeratzearen kontra azaldu da Nafarroako Parlamentua

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 19a, 11:47

"Elkartasuna" adierazi diote Kataluniako herriari eta Espainiari exijitu "errepresio estrategia" utz dezan, "elkarrizketaren bidea" hartzeko.

Elkarretaratzea egin dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak Nafarroako parlamentuan, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentearen eta Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko buruaren espetxeratzea salatu eta Kataluniako herriari "elkartasuna" adierazteko. Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Duguk aurkeztutako adierazpena onartu du legebiltzarrak, Ezkerraren babesarekin eta UPN eta PSNren kontrako botoekin -PP ez da eledunen mahaian izan-.

Kataluniako herriaren erabakia "errespetatu" egin behar dela esan du Adolfo Araizek (EH Bildu). Bestalde, Geroa Baiko Koldo Martinezek adierazi du preso politikoak direla. "Estatu espainiarrean bi preso politiko gutxienez badira eta Jordi biak dira".

Bestalde, PSNk aurkeztutako deklarazio baten harira, Kataluniako "aldebakarreko independentzia adierazpena" gaitzetsi du legebiltzarrak, UPNk ere aldeko botoa eman baitu, bai eta orduantxe iritsitako PPNk, baita Ezkerrak ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!