Altsasuko alkatearekin izandako bilera baimenik gabe grabatu dute guardia zibilek

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 19a, 08:46

AUDIOA| Unión de Guardias Civiles elkartearen "etika gabezia" kritikatu du Javier Ollo Altsasuko alkateak (Geroa Bai), eta "elkarbizitza eta proportzionaltasuna" aitatu ditu.

"Oso itsusia" izan da Unión de Guardias Civiles elkarteak alkatearekin izandako bilera grabatu, eta OK Diariori filtratu izana, Javier Ollo Altsasuko alkatearen hitzetan; webgune horretan, Alsasua, el aniversario de la verguenza izena jarri diote dokumentalari.

Hitzordurik gabe, elkarte horretako "sei edota zazpi" guardia zibil udaletxean azaldu ziren eta alkatearekin batzea eskatu zuten. Bilduta zegoen Ollo, baina bulegoan egin zien harrera, hala ere. UGC elkarteko idazkari nagusi Ramon Rodriguez Prendesek kargu hartu zion, haren hitzetan, ez baitzuen izan "erasotzaileen familiekin izandako laguntzeko borondate berdina" Guardia zibilekin.

Udalak gertakariak gaitzetsi zituela erantzun zion Ollok, eta Audientzia Nazionalean epaitu behar zirenik uste ez zuela gaineratu zuen. "Ez dugu uste zigor gabe geratu behar direnik, baina ez dugu uste Audientzia Nazionalean epaitu beharreko afera denik", adierazi zien eta "elkarbizitzarako atzerapausoa" izan zela. 

Kamerarekin joan ziren guardia zibilak, baina kazetariei ez zien sartzen utzi. Dena dela, audioa iritsi da OK Diariora. "Bileran egondako norbaitek" audioa igorri zien, Olloren aburuz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!