Gogor, oso gogor jo dute zerrenda bakarraren aurka UGT sindikatuko kideek parlamentuan. Hasteko hori bai Nafarroako Hezkuntzan euren ustez dagoen behar handienari begiratu diote: esan dute, plaza kopuru handia eskaini beharko litzatekeela hezkuntzako deialdian murrizketei aurre egiteko.
Hori esanda, salaketak eta kritikak iritsi dira. "Zerrenda bakarra diskriminatzailea da bakarrik gaztelania ezagutzen duten irakasleentzat; bigarren maila batean utziko dituzte", esan du Maria Jose Anaut UGTko hezkuntzako arduradunak. Uste dute lehentasuna ematen zaiela euskaldunei. Bigarren mailan geldituko dira Nafarroan ofiziala den hizkuntza ezagutzen dutenak, gaineratu dute.
Are gehiago, zalantzan jarri du D ereduko irakasleak gai ote diren gaztelaniako ereduetan eskolak emateko. "Bizitza guztia euskaraz ikasi duten horiek lortu dute euskarazko C1 titulua, baina, gaztelaniazkoa ez zaie inoiz eskatzen eta horrek ez du ziurtatzen gai ote diren gaztelaniaz eskolak emateko", esan dute.