Alde Zaharreko gaztetxearen okupazioa arbuiatu du Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 17a, 09:28
Argazkia: Alde Zaharreko gaztetxearen aurrealdea. / @berpizten

UPNk aurkeztu du Rozalejoko jauregiaren okupazioaren kontrako adierazpena, Herritarren Gaietarako Batzordean, eta Geroa Bairen babesa jaso du.

Alde Zaharreko gaztetxearen okupazioaren kontra egin du Iruñeko Udalak, UPNren ekinez eta Geroa Bairen babesarekin. Herritarren Gaietarako Batzordean adierazpena aurkeztu dute erregionalistek, "Rozalejoko jauregiaren okupazio ilegala arbuiatzeko", eta, UPNren botoez ez ezik, Geroa Baik ere aldeko botoa eman du.

"Gobernu taldea utzikeriaz ari da, eta baimendu egiten du ezker abertzalearen gertukoa den okupa mugimendua; nahi bezala jarduten uzten dio", adierazi du UPNko zinegotzi Maria Caballerok, eta gaineratu: "Iker daitezela egiten ari diren ekintzak, ezin baita baimendu edozer gauza egitea".

"0 minututik, udal honetako lauko gobernuko kideek bat egin dute okupekin, sekula ikusi gabeko kontua". Caballerorenak dira hitzak, eta, halaber, "okupak nahi duten eran" daudela azpimarratu du. 

Gainontzeko puntuak atzera

"UPNk 16 urtean deus" ez zuela egin gogorarazi du Maider Belokik (EH Bildu), eta Laura Berrok (Aranzadi) gaztetxeak ate irekien eguna egin zuela, baita bisita gidatuak ere.

Hautsak harrotu ditu ate irekien inguruko aipuak, izan ere, PSNko zinegotzi Maite Esporrinek galdera bota du airera: "Okupek egindako bisita gidatuetara joan behar dugu? Gureak egin du".

Okupazioa arbuiatu bai, baina UPNren deklarazioaren gainontzeko puntuek ez dute aurrera egin. Gainontzeko bi puntuetan, gaztetxean gauzatzen dituzten ekintzak ez baimentzeko premiatu dute udal gobernua erregionalistek, bai eta eraikina hustera ere. Geroa Baik, bi puntu horietan, kontrako botoa eman du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!