Truke-programetako 150 ikasle, NUPen

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 11a, 08:02

Gazteak 28 herrialdetakoak dira, eta Buddy Programan parte hartzen duten erakunde nafarreko 46 ikasle boluntariok egingo diete harrera.

28 herrialdetako 150 ikaslek Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egingo dute 2017-2018 ikasturteko udazkeneko seihilekoa irakaskuntza-erakundeak eskaintzen dituen nazioarteko mugikortasuneko bost programen barruan. Gazte atzerritarrei Foru Erkidegorako etorrera errazteko, beste 46 gaztek, nafar unibertsitateko boluntarioek, Buddy Programan parte hartzen dute. Nazioartekotze Errektoreordetzak sustatutako harrera-ekimen bat da programa hori.

Azken programa horretan, NUPeko 46 ikasleen egitekoa atzerritarrei Iruñea eta Unibertsitatea ezagutzen laguntzea da, eta beste hainbat kontutan laguntzea, hala nola egoitza bilatzen edo zenbait tramite egiten.

Kanpo Harremanetarako Atalak eta Unibertsitate Arretarako Unitateak kudeatzen dute ekimen hori, eta Unibertsitateak ikasle atzerritarrei seihileko bakoitzean egiten dien ongietorria osatzen du. Ongietorriaren barnean ematen zaizkien zerbitzuen artean dago astebeteko iraupena duen espainierako doako ikastaro trinko bat Unibertsitateko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian. Ongietorriarekin batera, bisitaldi gidatua egin dute Unibertsitatean eta Iruñean barrena, bai eta NUPen egin daitezkeen ikasketei eta kultura eta kirol jarduerei buruzko informazio hitzaldiak ere.

Ikasleak herrialdeen arabera

Ikasleak (88 emakumezko eta 62 gizonezko) 28 herrialdetatik etorri dira, gehienak Europako herrialdeetatik, baina Afrika, Amerika eta Asiakoetatik ere bai.

Jatorriari begira, europarrak hamalau herrialdetatik etorri dira, honela banatuta: Frantzia (21), Italia (18), Turkia (7), Alemania (2), Austria, Belgika, Portugal, Moldavia (bakoitzetik 4), Holanda (3), Irlanda eta Txekiar Errepublika (bakoitzetik 2) eta Lituania, Errusia eta Suitza (bakoitzetik 1).

Amerikako ikasleei dagokienez, Mexikotik etorri dira gehienak (17), eta ondoren Txiletik (10), Estatu Batuetatik (7), Boliviatik eta Perutik (bakoitzetik 5), Argentinatik eta Uruguaitik (bakoitzetik 2) eta, azkenik, Kolonbiatik eta Ekuadortik (bakoitzetik bat).

Ikasle gehien bidali dituen Asiako herrialdea Txina da, 14 ikaslerekin; atzetik datoz Taiwan, Hego Korea eta Japonia (bakoitzetik 3). Afrikatik, Marokoko ikasle bat etorri da.

Nazioarteko eta nazioko truke-programak

Erasmus programako 81 ikasle daude (Europako ikasleekin trukea egiteko). Gainerakoak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren bi programa berekikoak dira (Palafox, Latinoamerikako herrialdeekin trukatzeko, 36 ikaslerekin; eta Martín de Rada, Asia eta Itsaso Bareko herrialdeekin trukatzeko, 23 ikaslerekin), edo bestela ISEPekoak (Estatu Batuekin eta munduko gainerako herrialdeekin trukatzeko), eta aldebiko hitzarmenetakoak. Programa hauek aurrera eraman daitezke Nafarroako Unibertsitate Publikoak hitzarmenak izenpetu dituelako 50 naziotako goi-mailako 300 erakunderekin.

Atzerriko 150 ikasle horietatik, 46 geratuko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan udaberriko seihilekoa egitera. Seihileko hau datorren urteko otsailaren 2an hasiko da.

Gainera, Nafarroako Unibertsitate Publikoak hartuko ditu seihileko honetan Espainiako zazpi unibertsitatetako sei ikasle (denak emakumezkoak), SICUE nazioko mugikortasun-programaren barruan. CRUEk (Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzia) kudeatzen du programa hau. Ikasleak Bartzelonako, Errioxako eta Huelvako unibertsitateetakoak dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!