'Bertsokabi' sariketaren bigarren kanporaketa, gaur

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 11a, 08:43

Iruñeko Herriko Tabernan izanen da saioa, 19:30ean. Joanes Illarregik eta Ekain Alegrek; Josu Sanjurjok eta Iñigo Gorostarzuk; eta Mikel Lasartek eta Idoia Granizok osatutako bikoteek parte hartuko dute.

Gaur, hilak 11, jokatuko da aurten lehen aldiz antolatu den BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketaren bigarren kanporaketa. Osotara, 16 eta 30 urte arteko hemezortzi bertsolari ariko dira sariketan, bikoteka. Horietatik sei izango dira biharko saio horretan: Joanes Illarregi eta Ekain Alegre, Josu Sanjurjo eta Iñigo Gorostarzu eta Mikel Lasarte eta Idoia Granizo. Iruñeko Herriko Tabernan (Karmen kalea) jokatuko da kanporaketa, 19:30etatik aurrera. Bikote irabazlea zuzenean sailkatuko da urriaren 26an Iruñeko Arrano Elkartean jokatuko den finalera. Hirugarren kanporaketa urriaren 20an jokatuko da, Barañaingo Gaztetxean; bikote irabazleak finalerako txartela eskuratuko du. Han batuko da biharko saioko irabazlearekin, eta baita pasa den asteko lehen kanporaketan sailkatutako Alazne Untxalo eta Irati Majuelorekin.


Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen Arraiza; besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan.

Sariketa berri bat, Xalto Sariketa ordezkatzeko

Egun, Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta Bardoak taldekako bertso ekimenarekin batera, bertsolari gazte eta hasiberrientzako sariketak dira Nafarroako Bertsozale Elkartearen sustapen arloko egitasmo nagusiak. Azken urteetan, txandaka, bi sariketa nagusi antolatu ditu elkarteak Nafarroan, Xalto Sariketa eta Izeta Sariketa. 1992an antolatu zen lehenbizikoz Xalto Sariketa, eta hamairu edizio jokatu dira ordutik. Izeta Sariketak, aldiz, segiarren aldia izan zuen iazkoa. Xabier Silveira, Estitxu Arozena eta Julio Sotoren gisako bertsolariak, gerora Nafarroako txapeldun izandakoak, izan dira halako sariketetan txapeldun.

Hainbat arrazoi medio, Xalto Sariketa berriz ez antolatzea erabaki zuen iaz Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Bere tokian, edonola, sariketa berri bat martxan jartzeko hautua egin zuen elkarteak, eta egitasmo berri hori Iruñerrian txertatzeko asmoa nabarmendu zuen. Hala jaio da BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketa, aurten lehen aldiz ospatuko dena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!