Kataluniaren eta demokraziaren aldeko iniziatiba aurkeztu du Nafarroako herritar talde batek

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 6a, 09:38

Argazkia: Mobilizazioa iragarri dute hainbat pertsona ezagunek. /@MartxeloDiaz

Bi mobilizazio iragarri dituzte: lehenengoa, PPren egoitzaren aurrean, gaur, 19:00etan; bigarrena, urriaren 12an, Iruñeko Gazteluko plazatik.

"Urriaren bata mugarria izan da Europako demokrazia eta askapenaren historian. Polizia basakeria egoera batean, 2,2 milioi herritar katalanek bozka eman zuten mundu osoaren begien aurrean. Munduko egunkari garrantzitsuenek iritzi bereko irakurketa eraman dute euren lerroburu eta lehen orrialdeetara. The Guardian, Le Figaro, The Independent, The Daily Telegraph, Libération, The Financial Times, Frankfurter Allgemeine Zeitung, Corriere della sera, La Repubblica. Argi utzi dute: bozka emaile baketsuen aurrean, 78ko erregimenaren indarkeria basatia". Hedoi Etxarte idazleak eta Amaia Zufia Bilgune Feministako kideak irakurri zuten manifestua. 

Sinatzaileen zerrenda

Sinatzaileen artean, izen ugari: Begoña Huarte (Herri mugimentuetako kidea eta irakaslea), Natalia Nilo (SOS Arrazakeria), Xabi Sanchez (Kattalingorri), Saioa Alkaiza (Kazetaria), Aitor Urrutia (Gure Esku Dagoko kidea), Julio Soto (Bertsolaria), Helios del Santo (Euskalgintzako kidea), Martxelo Díaz (Kazetaria) eta Peio Urzelai (Kazetaria eta Gure Esku Dagoko kidea).

"Urriaren bateko 840 zaurituak ikusita, deituak gara. Epailetzak, klase politikoak eta poliziak bozka lasaitasunez ematea eragotzi zieten ehunka milaka bozka emaileak ikusita, deituak gara. Baietz bozkatzea eragotzi zieten; ezetz bozkatzea eragotzi zieten, balio gabe edo zuri bozkatzea eragotzi zieten. Aktiboki edo axola gabe abstenitzea eragotzi zieten. Bozka ematea eragotzi zieten. Eta lasaitasuna eragotzi zieten. Honengatik guztiagatik zuzenki deituak sentitzen gara. Pertsonak bezala, ezin dugu herri oso bati egindako horrelako gehiegikeriarik onartu. Demokratak bezala, ezin dugu milioika katalanen eskubide zibil eta politikoen urraketa onartu. Eta 78ko Erregimenaren pean oraindik bizi garen hiritarrak bezala, Bartzelonan edota Murtzian adierazpen askatasuna, antolaketa askatasuna eta jendarte bakoitzak bere bizitza eta munduko bere zatitxoa nahi duen bezala antolatzeko eskubidea urratzen dituen estatu hau desmontatzea eskatzea gure eginbeharra da; soilik gure interes pertsonalagatik balitz ere".

2015ean austeritate planen kontra egin zuen Greziaren kasua ere gogora ekarri dute. "Europako herriok ez genuen behar bezalako maila eman. Austeritate planen kontra gehiengo handiz bozkatu zuten milioika greziarren gainetik pasatzen utzi genituen Europako boteretsuak. Egun, pobreendako pobrezia errezetak jaso eta aberatsendako aberastasuna banatzen du Greziak. Ezin dugu berriro gertatzen utzi. Inork ezin du katalanen gainetik Kataluniaren etorkizuna erabaki. Ez Madrilgo epaitegirik, ez itsasontziko poliziarik, ez boteretsuen esanetara dagoen inongo komunikabiderik. Urteetako -eta pasaden asteburuko- kultura politikozko ariketak, eguneroko auto-antolaketa horizontal eta demokraziagileak halaxe erakusten digute. Behetik eraikitako eraldaketa politiko baketsurako ikastetxea dira Katalan Herriak gaur egun".

Euskal Herriaren etorkizuna ere Katalunian "jokatzen" delakoan daude. "Bukatzeko, ez dezagun ahaztu Gironara hautetsontziak lapurtzera antidisturbioak bidaltzen dituen erregimena, Bartzelonan agureen buruak urratzen dituen erregimena, eskolako jolastokian boz-emaileei eskuak zapaltzen dizkien erregimena, hemen, Nafarroan, agintzen duen erregimen ber-bera dela. Adi, beraz. Gaur, katalanak dira zaurituak; bihar gu izan gaitezke. Geure etorkizuna Katalunian ere jokatzen da".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!