Ehunka lagun elkartu dira gaur 12:00etan Iruñeko udaletxearen aurrean, esteladak eskuetan eta Herria erabaki, botoa eman erabakitzeko lelopean, LAB, ELA, ESK, Steilas, Hiru, EHNE eta Etxalde sindikatuek egindako deiari erantzunez. Katalunian greba eguna duten bitartean elkartasuna adierazi nahi izan diete.
Sindikatuak, burujabetzarako prest
Igandeko bozkaketa "erabat baketsua eta demokratikoa" izan zela eta Espainiak "biolentzia armatua" erabili zuela esan du Nafarroako LABeko bozeramaile Imanol Karrerak. Erreferendumean bizi izandakoak "frankismoa" oroitarazten du, haren hitzetan, dena dela, "lezioa" eman du herriak. "Burujabetza esperientzia ez da amaituko", ziurtatu du. Euskal Herrira begira ere jarri da: "Egin dezakegun ekarpenik onena gure burujabetza prozesua martxan jartzea da, eta horretaratako sindikatuok prest gaude".
ELAk hiru ideia nabarmendu nahi izan ditu, Mitxel Lakuntza koordinatzaile nagusiak azaldu duenez: lehenik eta behin, errepresioa salatu du; bigarrenik, "konponbide demokratiko eta politiko baten alde" egin du; eta, hirugarrenik, Kataluniako herriaren "konpromisoa" laudatu du.