Larunbatetik iganderako gauean izan ziren eraso horiek. "Gutxienez 40 eraikinetan egin dituzte erasoak, beraz, antolatutako talde bat aritu da suntsitzen", esan dute zenbait bizilagunek. Atzo elkartu ziren Poliki tabernan kalteak jaso dituzten etxebizitzetako bizilagunak. Poliki tabernak ere izan zuen erasoren bat. "18 eraikinetako komunitateek salaketa bateratua aurkeztuko dugu udaltzaingoan", erabaki zuten. Sarrailak guztiz txikituak utzi zituzten gutxienez 40 eraikinetan, Bistabellan hainbat autok jasan dituzte erasoak eta eskuin muturreko pegatinak agertu dira. Hori da atzo bizilagunek egiten zuten irakurketa. Azken horrek dena den, pegatinak agertzearena ez dakite lotuta izan daitekeen erasoekin edo ez: "Kataluniako zenbait estelada zeuden Alde Zaharreko zenbait balkoitik zintzilik, eta horien azpian agertu dira kasualidadez pegatinak", nabarmendu dute.
Udaltzainen presentzia handiagoa eskatu dute bizilagunek. "San Lorentzon, Deskalzosen, Jarautan, Nagusian, Santo Andia eta O plazan izan ziren erasoak. Ezinezkoa da inork ez ikustea. Bideo kamerak ere badaude", esan dute.