"Catalunyan zein Euskal Herrian herriak erabaki", goiburuarekin elkarretaratzeak egiteko dei egin dute zenbait sindikatuk. Lantokietan atsedenaldiaren unean elkartzeko eta elkartasuna Kataluniarekin adierazteko deia da. Horrez gain, Iruñeko Gazteluko plazan 12:00etan eginen dute elkartasun adierazpen hori elkarretaratuz. ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Etxaldek egin dute deia Euskal Herrian ere kalera ateratzeko. "Erabakitzeko eskubidea nola edo hala geldiarazteko edozer egiteko gai da Espainiako Gobernua, baita, igandean ikusi bezala indarkeria erabiltzeko ere", hala salatu dute sindikatuetako eledunek.