Bruselak Altsasuko Auzian esku hartuko du proportzionaltasunik ez badago

Euskalerria Irratia 2017ko ira. 29a, 14:21

Madrili ohartarazpena egin dio: Altsasuko Auzian proportzionaltasunez ariko ez bada esku hartu eginen duela. Europako Giza Eskubideen Karta errespetatzeko duen betebeharra gogoratu dio Bruselak Espainiako Gobernuari

Bruselatik Madrili ohartarazpena. Altsasuko auzian proportzionaltasunez ariko ez bada esku hartu eginen duela.

Europako Giza Eskubideen Karta errespetatzeko duen betebeharra gogoratu dio Bruselak Madrilgo Gobernuari. Frans Timmermans Europako Komisioko presidenteordeak informazio hori helarazi die Europako Parlamentuko Marina Albiol, ezker batukoa, Xabier Benito, Podemosekoa, Izaskun Bilbao EAJkoa eta Josu Juaristi EH bildukoa.

Altsasuko afera interes handiarekin segitzen duela esan zien, eta irekita dagoen prozesuan tratatuetan eta arauetan dauden printzipioak betetzen ez badituzte beharrezkoak izanen diren neurriak hartuko dituztela.

Timmermansi eta Jean Claude Junkerri eurodiputatuek aurretik Altsasuko Auziaren inguruko dokumentazio zabala igorri zioten, nabarmenduz fiskalak 375 urte arteko espetxe zigorrak eskatuak zituela gazte horientzat liskar batean parte hartzeagatik.

Berez, auzi penalak Estatuen eskumenekoak dira baina Europatik bermatu behar zaie akusatuei betetzen direla Eskubide Sozialetarako eginak dauden tratatuak.

Gauzak horrela Junkerrek bere presidenteordeari eskatu zion gertutik segi zezala kasua. Pozik azaldu dira europarlamentariak hartu duten erabaki horrekin eta gogoratu dute aurretik ere 52 eurodiputatuk sinatua dutela manifestu bat Altsasuko Auzian proportzionaltasunez epaitzeko eskatuz. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!