Sendagaiak ordaintzeko laguntza berriak urriaren 1etik 31ra eska daitezke

Euskalerria Irratia 2017ko ira. 28a, 20:22

Pello Iturria bezero batekin, Estafetako botikan.

18.000 euro baino gutxiagoko errentak edo pentsioak dituzten 242.000 pertsonak izanen dira onuradunak. Laguntzak Internet bidez edo osasun-zentroetan eskatu ahal izanen dira. 

Nafarroako Gobernuak sustatutako sendagaien koordainketarako laguntza berriakurriaren 1etik aurrera eska daitezke, igande honetatik aurrera, Internet bidez, eta astelehenetik aurrera, administrazio-langileak dituzten osasun-zentroetan eta kontsultategietan.

Laguntza hauen helburua da finantzazio publikoa duten sendagaien kostua eragozpena izatea saihestea, pertsonarik ahulenek adierazitako tratamendu medikoak osa ditzaten. Diotenez, 242.000 nafar dira onuradunak.

Estatuko arautegiak ez du uzten zuzeneko deskontua egitea sendagaia erosten den unean bertan, nahi izango litzatekeen bezala. Horren ordez, "Gizarte-arloko laguntza deialdi" bat egitera behartzen du, aldez aurretik eskaera eginda. Horrek, informazio publikoko kanpaina bat egitea eskatzen du.

Horretarako, Osasun Departamentuak laguntza horiei buruzko informazio-kanpaina bat atera du gaur, eta 50.000 liburuxka eta 500 kartel banatzea jasotzen da, laguntzak eskatzeko jarraibideekin.

Gaur goizean, Luis Gabilondok, Osasuneko zuzendari nagusiak, eta Antonio Lopezek, Farmaziako zuzendariordeak, arau berria eta aplikatu beharreko prozedura gogoratu eta kanpainaren materialak aurkeztu dituzte. Osasun zentroetan eta kontsultategietan, ospitale-sarean, arreta espezializatuko zentroetan, oinarrizko gizarte-zerbitzuetan, Nafarroako 599 farmazietan eta zentro soziokulturaletan banatuko dira.

Kanpainak Eskubide Sozialetako Departamentuaren, Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialaren eta Iruñeko Udalaren laguntza izango du.

Eskatzeko lehen epea urriaren 1etik 31ra

Laguntza horiek eskatzeko lehen epea igandean irekiko da, urriak 1, eta hil beraren 31n amaituko da. Salbuespenezko kasua da, izan ere, urte honetako uztailaren 1etik dagoeneko erositako sendagaietarako laguntzak ordaintzeko izango da.

Hemendik aurrera laguntzak eskatzeko deialdia urterokoa izango da eta urte bakoitzaren abenduaren 15etik aurrera aurkeztuko dira. Beraz, urrian eskaera aurkeztu ez dutenek beste aukera bat izango dute egiteko datorren abenduaren 15ean.

Eskaera 2017ko urrian egiten dutenek ez dute berriro egin beharko 2018ko abendura arte.

Laguntzak Internet bidez, www.ayudasmedicamentos.navarra.es eta www.botiketarakolaguntzak.nafarroa.eus web-orrien bidez eskatu ahalko dira.

Horietan, jarraibideak eta Nafarroako Gobernuaren Izapideen Katalogorako esteka barne hartzen dira. Azken esteka horretan eskaera egin daiteke. Departamentuak eskaera-bide hori lehentasunez erabiltzea gomendatzen du, hala ere, administrariak dituzten osasun-zentroetan eta kontsultategietan ere egin daiteke, eta Iruñeko Conde Oliveto osasun-zentroan (Bakearen plaza, z.g., 4. solairua) kokatuta dagoen Farmazia Prestazioaren Kudeaketa zerbitzuan.

Izapidea osasun-txartelaren titularrak egin behar du, sendagaiak bere izenean edo bere onuradunen izenean ordaintzeko. Txartelaren titularraren behar bezalako baimenarekin beste batek ere egin dezake haren izenean.

Agiri gisa, NAN edo osasun-txartela aurkeztu beharko dira, akreditatzeko, eta abonuak jaso nahi dituen bankuko kontu-zenbakia. Erosketa-txartelak bakarrik aurkeztu beharko dira Nafarroatik kanpo erositako sendagaien edo paperez egindako errezeten kasuan (kasu horretan, paperez egindako preskripzioaren egiaztagiria ere beharko da). Laguntzak hiruhilero ordainduko dira eskatzaileak adierazitako banku-kontuan.

242.000 onuradun egon daitezke Nafarroan

Balioespenen arabera, 242.000 nafar inguru izango dira laguntza berrien onuradunak, eta horietatik, 197.000, urtean 18.000 euro baino gutxiagoko errentak dituzten pertsonak dira, eta 45.000, 6.000 euro baino gutxiagoko errentak dituzten pentsiodunak. Horiek guztiek, gehienez, 8,23 euro ordainduko dituzte hilero sendagaiengatik. 6.000 eta 18.000 euro arteko errentak dituzten pentsiodunek ez dute egoera aldatu, dagoeneko 8,23 euroko gehieneko mugaz baliatzen direlako. Horrez gain, tratamendu berezia ezarri da urtean 6.000 euro baino gutxiago kobratzen dituzten pertsonentzat, gehienez, 2,6 euro ordainduko dituztelako hilean, Nafarroarako 2014. urtean ezarritako pobrezia handiko diru-tartearen arabera. Lehen aldia da Espainian diru-laguntza jarduneko langileei eta pertsonei ere ematen zaiena.

Balioespenen arabera, neurriaren kostua gutxi gorabehera 2 milioi eurokoa da urtero, eta lehen urte honetarako 1 milioi euroko zuzkidura ekonomikoa egin da, uztailetik abendura bitarteko aldiari dagozkion laguntzak barne hartuko dituena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!