Foruzaingoaren Plan Zuzentzailea onartu du Gobernuak

Euskalerria Irratia 2017ko ira. 28a, 08:08

>Foruzaingoa polizia osoa bihurtuko litzateke, eta estatuak transferitu gabeko eskumenak hartuko lituzke bere gain: trafiko arloan, hiri segurtasunean zein ingurumenean.
>"Polizien Legea atzera botaz gero ezin izanen da Plan Zuzentzailea garatu", esan du Barne kontseilariak.

Foruzaingoaren Plan Zuzentzaileak hiru aukera eskaintzen zituen foruzainek hartuko dituzten eskumenak zenbaterainokoak izanen diren kontuan hartuz: lehenengoan, Foruzaingoa egun dagoen bezala geratuko litzateke, bere iraupena bermatzen duen egoeran; bigarrengoan, polizia osagarria litzateke eta gutxika errepideko, segurtasuneko eta ingurumeneko eskumen gehiago hartuko lituzke; eta hirugarrengoan, Foruzaingoa polizia osoa bihurtuko litzateke, eta estatuak transferitu gabeko eskumenak hartuko lituzke bere gain: trafiko arloan, hiri segurtasunean zein ingurumenean.

Hiru aukera horien artean herritarrei eta erakundeei eskatu diete parte hartu dezatela eta egin dezatela egokienaren alde. Azkenekoa, hirugarrenak izan du babesik handiena. Alegia, eskumen guztiak foruzainek har ditzaten nahi dute. Eta hala, Gobernuak ere hirugarren aukera hori babestuko du. 

Legerik gabe Planik ez

Polizien Legea eta Foruzaingoaren Plan Zuzentzailea eskutik helduta doaz. Legerik gabe Planik ezinen dela martxan jarri ohartarazi du Mari Jose Beaumont Barne kontseilariak. Izan ere, eskumen guztiak foruzainek hartzeko beharrezkoa litzateke abian sartzea Gobernuak proposatu duen Legea. 2015ekoak ez du aukerarik ematen horretarako. Beraz, Plan Zuzentzailearen alde daudenak baina aldi berean Legearen aurka koherentziaz joka dezaten eta kontraesanetan erori ez daitezen nahi du Beaumontek. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!