Benetako munizioa erabiliko dute berriz Bardeako Tiro Poligonoan

Euskalerria Irratia 2017ko ira. 27a, 08:42

Espainiako armadak benetako armekin eginen ditu ariketa militarrak Sirio Tormenta izeneko operazioan. Urriaren 2tik 5era eginen dituzte aire-ariketak eta baita lurreko frogak ere. Bardeako eremu hori "arriskutsu" bilakatuko denez itxi eginen dute herritarrak ez daitezen sartu. 

Bardeako Tiro Poligonoan beste behin ariketa militarrak eginen ditu Espainiako armadak. Aldi honetan ere benetako munizioa erabiliko dute airez eta lurrean eginen dituzten ariketetan. Urriaren 2an hasi eta 5a arte izanen dira ariketa horiek egiten. Bardeako eremu hori, arriskutsu bilakatuko dutena, itxi eginen dute herritarrak sartu ez daitezen. 

Sirio Tormenta izena eman diote oraingo operazio honi. Laugarren aldiz ariko dira Bardeako Tiro Poligonoann ariketak egiten 2017 honetan: otsailean, martxoan eta apirilean ere aritu ziren. Militarrak entrenatzeko baliatzen dituzte Bardeako Parke Naturalean ezarrita dagoen Tiro Poligonoko ariketak. 

Urrian izanen dira ariketa militarrak

Urriaren 2arekin, astelehena, hasiko dira Espainiako armadako kideak Bardeako Tiro Poligonoa erabiltzen. Parkean sartzea debekatua izanen dute herritarrek 11:00etatik 12:00etara eta 14:00tatik 15:00etara. Urriaren 3an ezinen dira eremu horretan sartu 10:00etatik 15:00etara, urriaren 4an 11:30etatik 13:15etara. Urriaren 5ean izanen da benetako bonbak jaurtiko dituzten eguna eta oraindik ez dute zehaztu zein ordutegitan izanen den mugatua herritarren sarrera. 

Joan den otsailean egin zituzten antzerako mugimenduak Bardeako Tiro Poligonoan. Orduan zortzi egunez izan zen Estatu Batuetako armada Red Flag operazioa garatzen, batez ere airez egin zituzten ariketa militarrak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!