Ostiralean amaitzen da epea osoko zuzenketak aurkezteko eta iragarri berri dute Podemos-Ahal Duguk zein Izquierda-Ezkerrak jarriko dituztela. Mari Jose Beaumont Barne kontseilariaren departamentuari ez dio guztiz ezustean harrapatu erabaki horrek: Ahal Duguk hasieratik ohartarazi zion gutxienez Foruzaingoko sindikatuen erdiarekin akordioa lortu beharko zuela, eta, halakorik ez dagoenez, argudiatu du ez dagoela nahikoa adostasunik aurrera ateratzeko.
Otsailaren amaieran aurkeztu zuen aurreproiektua gobernuak, eta hilabete inguruko epea eman zien sindikatuei negoziatzera esertzeko. Proposamen hura inposizioa zela argudiatuta, sindikatuak ez ziren eseri ere egin, eta bai Ezkerrak eta bai Ahal Dugu-k presio egin zioten sindikatuekin negoziatzera esertzeko. Ordurako, lege proposamena parlamentura iritsi zen, eta, osoko zuzenketaren bozketa atzeratu nahirik, laukoak denbora eman nahi izan dio gobernuari.