Martin Zelaia: "Oraingo trenbidea hobetzeko aukera ez dute batere aztertu"

Euskalerria Irratia 2017ko ira. 19a, 09:59

Martin Zelaia Sustrai Erakuntzako kidea. Arg: halabedi

>"Antzezlan handia dago Espainiako Gobernuaren baitan Abiadura Handiko Trenarekin", esan du Zelaiak.
>"Tren publiko eta soziala sortzeko azterlanik ez dute egin, nahiz eta ekonomikoki merkeagoa eta ingurumenarekiko kalte txikiagoak sortuko lituzkeen", nabarmendu du. 
>AHTaren inguruan hitzaldiak emanen dituzte datozen egunetan Nafarroako hainbat herritan. 

"Triskantza ekonomikoa eta ingurumenarekiko ekarriko luke Espainiako Gobernuak egin nahi duen Abiadura Handiko Trenak", hala hitz egin du Martin Zelaia Sustrai Erakuntzako kideak Euskalerria irratiko saioan. "Itsututa ari dira AHT defendatzen eta ez dute beste aukerarik aztertu, gaineratu du. Oraingo trenbidea hobetzeko aukera ez dutela batere aztertu uste du Zelaiak eta merezi duen aukera dela ere nabarmendu du. "Ekonomikoki AHTak suposatuko lukeenaren erdia inbertitu beharko litzateke Nafarroan dagoen trenbidea hobetzeko eta ez litzateke horren txikitzailea izanen ingurumenean", azaldu du. 

Abiadura Handiko Trenaren proiektua sortu aurretik 1987an "Trenbide Plana" ere mahai gainean jarri zuten. Eta horrek bai, horrek aztertzen zuen egungo trenbidea hobetzeko aukera eta tren gehiago hartzeko aukera hirugarren errailaren bidez. Hori egin ordez baina, geltokiak itxi eta trenen joan etorria txikitu dute. Teknika desberdinen bidez trenbidea hobetzeko eta egokitzeko aukera asko daude. Europako zabalerara egokitzea ere posible lizatekeela uste du Zelaiak. 

Tren publiko eta sozialaren alde

Txinaren ondoren Espainiak du Abiadura Handiko Trenerako metro koadro gehien. "Ez du deustarako balio", ohartarazi du. Izan ere, merkantziarik ez dute garraiatzen gaur egun eginak dauden tren horiek eta pertsonak garraiatzeko badira ere, datuek diote ez direla apenak erabiltzen. "Abiadura Handiko Trenek ez dute errentagarritasunik", nabarmendu du. 

Antzezlan handia han eta hemen

Espainiako Gobernua batez ere "gehiegi ari da antzezlan" lanetan. Nolanahi eta ahalik eta azkarren hasi nahi dute lanean. Nafarroako Gobernuak herritarren nahiak eta beharrak eraman beharko lituzke Madrilera. "Eskumena ez da Nafarroarena, baina hemengo Gobernuak Madrilera eraman beharko luke herritarren eskatzen diotena", azaldu du Zelaiak. Parte hartze prozesurik ez dute egin eta horrek kezka eta haserrea sortzen du Sustrai Erakuntzaren baitan. Nahiz eta eskumena Nafarroarena ez izan, foru gobernuak izan beharko luke interesa ezagutzeko herritarren nahia, esan du. "AHTaz harago ez da besterik aztertu eta hori ere eskatzen dute herritarrek". 

Ekonomikoki merkeagoak diren aukerak

Nafarroak dituen trenbideak hobetzea, egokitze eta zabaltzea da Sustrai Erakuntzaren apustua. "Ekonomikoki erdia baino ez litzateke inbertitu beharko eta ingurumenean txikizioa txikiagoa litzateke", azaldu du Zelaiak. Abiadura handiegirik ez luke hartuko aukera horrek, baina, azkartasunak baino garrantzia gehiago dute bestelakoek: merkantziak eta pertsonak garraiatzea, ingurumenarekin errespetuz jokatzea... Dena dela, Zelaiak azaldu du dagoeneko Alvia trenek hartzen dutela abiadura handia: 200 kilometro orduko abiadura hartzen baitute. 

Hiriburuetatik haratago iristeko aukera

Abiadura Handiko Trenak geldialdia hiri handietan baino ez luke izanen. Herriek urteotan galdu dutena are gehiago galduko dutela nabarmendu du Sustrai Erakuntzak. "Aurrera egin beharrean atzera eginen dugu geltokiak gutxitzearekin", uste dute. Erakuntzak defendatzen duen aukerarekin posible litzateke geltokiak berreskuratzea eta gertuko bidaiak eta luzeagoak tartekatzea. 

Iruñerrian buklea nola sortuko den ere ez dago zehaztua AHTa eginez gero. Sanduzelaitik Etxabakoizera pasa nahi dute geltokia: "Jendearengandik are urrunago jarriko dute eta horrek ez du batere lagunduko trenaren erabileran", esan dute. 

SUSTRAI ERAKUNTZAK ANTOLATU DITUEN HITZALDIAK: 

>Irailak 20, asteazkena: Tafallako Kultur Etxean 20:00etan. 

>Irailak 21, osteguna: Castejongo Kultur Etxean 19:30ean. 

>Irailak 26, asteartea: Altsasuko Iortia Kultur Gunean 19:30ean. 

>Irailak 27, asteazkena: Tuterako Zentro Cibikoan 19:00etan. 

>Irailak 28, osteguna: Txantreako liburutegian 19:00etan. 

>Irailak 29, ostirala: Iruñeko autobus geltoki zaharrean 19:00etan. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!