Sustapen Ministerioko talde teknikoa batzartu zen atzo Nafarroako Gobernuko teknikoekin. Abiadura Handiko Trenarekin azken asteotan gertatu denaz hitz egin eta adostasunetara iristea zen bilera horren xedea. Nafarroako Gobernuak AHTaren inguruan prestatutako proposamena igorri zion atzo bileran. Baina ez zaie gustatu Madrilgo teknikariei: "Onartezina da ez baitu AHTaren lanik ziurtatzen".
Hitzarmen bat adosteko Nafarroak aurkeztu duen proposamenak "ez du zerikustekorik" aurretik akordatutakoarekin Sustapen Ministerioak igorri duen oharraren esanetan. "Negoziazioan hitz egin gabeko zenbait puntu biltzen ditu eta uste dugu luzamenduetan aritzeko beste estrategia bat izan daitekeela", gaineratu dute ohar horretan.
Nafarroan azpiegitura hori egin ahal izateko gutxieneko baldintzak ez dira biltzen Manu Aierdiren departamentuak aurkeztutako proposamenean, ez behintzat adostutako epean. Hala nabarmendu du Julio Gomez-Pomarrek, AHTaren negoziazioetako jarraimendu bileren arduradunetako batek.
Hitzarmen ekonomikorik gabe, adostasunik ez AHTrako
Nafarroak hitzarmen ekonomikoa sinatu ondoren hitzartu nahi duela AHTrako proposamena. Ministerioaren ustez ez da inoiz halakorik gertatu: "bi hitzarmenek ez dute zer ikustekorik, baina, baldintza hori jartzeak atzeratu eginen du AHTrako proiektua".
Lanen lizitazioa eta hasierako obrak
Ezin da bertan behera gelditu Villafranca-Azkoien eta Azkoien-Erriberri arteko proiektua. Hala dio Espainiako Gobernuak. "Urtea amaitu aurretik eta akordioan erdietsi bezala, 2018an lanak has daitezen eta aurrekontua izan ditzaten aurrera segitu behar da", azaldu dute. Nafarroako Gobernuak dena dela ohartarazi du ez daudela prest baldintza horietan aurrera segkitzeko eta 2018ko aurrekontuetan ez dutela asmorik AHTko lanetarako dirurik bideratzeko.
Sustapen Ministerioak bereari eusten segitzen dio eta ahalik eta azkarren egin nahi du aurrera AHTaren lanekin, ahal den heinean, Nafarroako Gobernuaren parte hartzearekin. "Hartutako konpromisoak bete beharko lituzke Nafarroak".