Adinekoendako eta mugikortasun urriko pertsonendako triziklo paseoak antolatu ditu Iruñeak

Euskalerria Irratia 2017ko ira. 14a, 12:33

Mugikortasunaren hilabetearen jardueren barruan, izen-ematea zabalik dago bizikletak eramateko boluntarioei zein erabiltzaileei.

Iruñeko Udalak Bizikleta, adin guztientzat. Haizea ilean sentitzeko eskubidea programaren aurkezpena antolatu du aste honetan zehar, Mugikortasunaren hilabetearen barruan, eta Ciclyng Without Age (CWA) erakundearekin batera. Duela zenbait urte Danimarkan sortu zen ekimen hau, zeinak oinarri baitu boluntarioek adinekoak nahiz mugikortasun urriko pertsonak haiei egokitutako bizi-trizikloetan batetik bestera paseoan eramatea.

Programaren aurkezpenaren helburua bikoitza da. Batetik, programan parte hartu nahi duten boluntarioak bilatzen dira eta adinekoekin boluntario gisa aritzeko ekintzetan parte hartzeko bokazioa dutenak; eta bestetik, gonbitea luzatzea esperientzia horretaz gozatzeko gogoak dituztenei izena eman dezaten. Interesdunek –adineko zein mugikortasun urriko pertsonek norbere izenean, eta eguneko zentroek zein elkarteek– izena eman dezakete 010 – 948 420 100 telefonora deituta edo movilidad@pamplona.es helbidera idatzita.

Momentuz, hamabi lagunek agertu dute interesa boluntario gisa parte hartzeko, eta horren inguruko prestakuntza jaso dute. Hala ere, oraindik izena eman daiteke zeregin horretarako movilidad@pamplona.es helbide elektronikora idatzita. Izena ematen duten guztiek, lehen pasealdia egin baino lehen, prestakuntza teoriko-praktikoa jasoko dute, erabiliko dituzten bizi-trizikloak gidatzeko. Bizikletan trebetasunez eta bizitasunez ibiltzea baino ez da eskatzen.

Programako lehenengo pasealdia gaur goizean bertan egin da. Udaletxe plazan kokatutako topalekuan izan dira Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Armando Cuenca, Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko zerbitzuaren arduradun Alexia Canto, Mugikortasuneko Zerbitzuko teknikariak, boluntarioak eta erabiltzaileak.

Bizikleta, adin guztientzat Kopenhagen (Danimarka) sortu zen 2013an, Ole Kassow-ek bultzatuta, Ciclyng Without Age (CWA) izenarekin. Gaur egun errealitate bat da hogei herrialdetan banatutako 200 hiritan baino gehiagotan. Xedetzat du uztartzea boluntarioen eskuzabaltasuna eta adinekoei edo mendekotasuna duten pertsonei egokitutako bizi-trizikloetan ibiltzeko aukera –haien kabuz ezin baitute–. Pasealdiak Iruñean barna egingo dira, CWA Donostirekin elkarlanean, zeinak lau triziklo laga baititu, irailaren 17ra arte (igandea) programatutako pasealdietan erabili ahal izateko.

Programa honi buruzko informazio gehiago nahi dutenek Gazteluko plazan paratutako argibide-gunera jo dezakete, ostiraletik igandera bitarte. Aste honetan, Zabalgunea eta Arrotxapea izango dira pasealdien abiapuntu. Gaztelugibeletik, Arazuri Doktorearen pasealekutik, Anelier pasealekutik eta Ingurumen Hezkuntzako Museotik igaroko dira ibilbideak. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!