"Denontzako eta edozertarako" trenaren proposamena egin du Sustrai Erakuntzak

Euskalerria Irratia 2017ko ira. 12a, 08:11

>"Abiadura Handiko Trena proiektu antisoziala, antiekologikoa eta baliabide ekonomiko eta energetikoen xahutzailea da, eta beraz, ez da inondik ere egokia Nafarroarentzat", nabarmendu dute.
>Tren sozialaren alde eta elite ekonomikoei onura egiten dien tren eredu baten aurka egin du Sustrai Erakuntzak. 

Sustrai Erakuntza Fundazioak Nafarroarentzat Tren Publiko eta Sozialaren (TPS) proposamena aurkeztu du Egungo trenbide baliabideak ahal bezain beste egokitze eta hobetzean oinarritzen den proposamen bat dela nabarmendu dute.

Sustrai Erakuntzak 2018 eta 2028 urte artean egin beharko litzatekeen Tren Publiko eta Sozial baten alde egiten du apustu. "Jendartearen aurkako, ingurumenaren aurkako, xahutzaile eta ezegokia den Abiadura Handiko Trenaren edo Prestazio Handiko Trenaren (AHT/PAT) aurrean, garraiobide jasangarri, herrikoi eta demokratiko batean datza", esan dute.

Abiadura Handiko Trenaren edo Prestazio Altuko Trenaren inposaketaren aurrean tren sozial baten ezarpena ezinbestekoa dela uste dute. Garraio jasangarri bat izateko beharrezkoak diren abantailak dituen garraio bide publiko bat da ohiko trenbidea: kontsumitzen duen energia jatorri berriztagarrikoa izan daiteke, energia kontsumoa beste garraiobide batzuena baino txikiagoa da, lurraldean duen eragina txikiagoa da jada eraikia egonagatik eta eskualdeen, herrien eta hirien arteko lotura ahalbidetzen du.

Alabaina, gaurdaino Nafarroan aurkeztu den proposamen bakarrean, egindako azterketa ibilbide berri bat egiteko asmoan oinarritu da soilik, Tren Abiadura Handirako zehazki. Energia kopuru askoz handiagoa kontsumitu eta lurraldean eragin sakona duen garraiobide bat adierazi dutenez.

Azpimarratu beharrekoa da orain arteko Nafar Gobernu guztiek, gaur egungoa barne, aukera berdinaren alde egin dutela, AHT-PATrena. Egiteko eta mantentzeko garestiagoa den aukeraren alde. Ondorioz Nafarroan:

  1. Ez da gaur egungo tren sarea hobetzearen aukera eta zenbatekoa aztertu.
  2. Ez da inolako jendarte eztabaidarik izan existitzen diren aukera ezberdinen inguruan.

Beste aukera batzuk aztertzeari UPNren, PSNren eta Geroa Bairen gobernuek erakutsitako jarrera itxiak, Sustrai Erakuntza Fundazioa gaur publiko egin dugun alternatiba teknikoa aurkeztera behartu dute.

Bada alternatibarik

Sustrai Erakuntzak aurkeztu duen proposamena, bere osotasunean sarean kontsulta daiteke eta finean egungo tren sarearen bikoizketan oinarritzen da. 1987ko Trenbide Garraio Planean (indargabetu gabe dagoena baina Madrid-Sevilla AVE-a eraikitzea erabaki zenetik baztertua) Castejón eta Altsasu arteko trenbidearen bikoizketa eta gehienezko abiadura 160 Km/o-ra handitzea aurreikusten zen beste batzuen artean. Bide paralelo berria jada horretarako aski leku utziaz eginak diren lur-berdinketa, zubi eta gainbideak probestuz eraikiko litzateke.

Aukera hori baliatuz eta gaur arte aukera hori ahalbidetzen duten kostu ekonomikoak probestu eta galtzen utzi gabe, Sustrai Erakuntzak egungo trenbidean hirugarren errailaren ezarpena proposatzen du gainera. Honela egungo gaitasuna bikoiztu eginen litzateke (trenbide ibilbide bikoitza, bide zabalera bikoitzeko bakoitza) mota guztietako trenen eta merkantziei bide emanez, zabalera iberikoa eta europarraz. Ibilbidean egin beharreko hobekuntza puntualak gehitu beharko litzaizkioke horri: tunelak, kurbak, bazterbideak, eta abar.

Beraz, Iruñetik igarotzen den Kantauri Mediterraneo Korridore baten alde apostu egiten dugu, Europako oinarrizko sarearen barne, pertsona eta merkantzietarako mistoa, europar zabalera, bide bikoitza, pertsonentzako 160-180Km/o-ko abiadura eta merkantzietarako 90Km/o., hori guztia egungo burdinbide plataforma ahalik eta gehien erabili eta aprobetxatuz, Iruñea, Tafalla, Tutera eta Altsasuko geltokiak indartuz, berrituz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!