Maria Solana Hezkuntza kontseilariak berretsi du gaur gaurkoz ez dagoela itxita inolako hitzarmenik hiruko negoziazioan parte hartu dutenekin. Itunpeko Nafarroako ikastetxeei eragiten dien akordioa berritzeko (2016tik luzatu dena eta abuztuaren 31n agortuko dena) elkarrizketak 11 hilabetez luzatu dira, eta "ekainean akordioa ixterik izan ez genuen arren, akordio-proposamenean aurreikusitako onurei eusteko borondatea daukagu", eta hala adierazi die sindikatu eta patronalei.
Patronalek akordioa onartuko luketela adierazi dute; sindikatuek, aldiz, onartu ez diren auzi garrantzitsuak izan badirela diote.
Departamentuaren iritziz, bestalde, egindako proposamenak aurreko testua hobetzen du, hala nola, soldata igoera. "Soldatak berrikustea ez zegoen orain arte indarrean egon den akordioan; hori dela eta, ez dugu ulertzen zergatik dioten proposamenak okertu egiten dituela euren baldintzak, are gehiago, 2018 eta 2019rako %1eko soldata igoera bermatzeko aukera eskaini baitzaie, bai irakasleei, bai administrazio eta zerbitzuen langileei".
Solana kontseilariak sindikatuei adierazi die, "testu berriak luzatuta dagoen akordioa hobetzen" duela. Hala, Solanak berretsi du, "aurreko akordioa mantenduz gero, lan baldintzetan atzerapausoak egongo lirateke diru publikoz ere finantzatzen den sareko irakasleen kasuan".
Kontseilariak adierazi du, "Departamentuak ahalegina egingo duela sindikatuen proposamenak landu eta akordioa ixteko". Hiruko akordiorik ezean, Departamentuak erabakia hartuko du patronalek ontzat emandako proposamenarekin, beti ere soldatei eta bestelako lan baldintzei dagokiena alde batera utziz, eta kudeaketaren eta itunpeko ikastetxeetako irakasleen kontratazioaren gardentasunari dagokien auziak aintzat hartuz". Testuinguru horretan, Solanak ez du baztertzen sindikatuekin bitariko negoziazioari ekitea, soldaten berrikusketaren inguruan.
Dena dela, Departamentuak arduraz jokatzen segituko du: hezkuntza publikoa da Departamentuaren lehentasuna eta hala adierazi zaie hainbat aldiz sindikatuen ordezkariekin izandako bilera guztietan. Ildo horretan, Solanak baieztatu du dagoeneko dei egin zaiela mahai sektorialean parte hartzen duen sindikatuei "datorren astean elkartu eta irakasleei eragiten dieten gaiez aritzeko; besteak beste, LEP deialdia eta aurreko gobernuek gauzatutako murrizketetan atzera egiteko".