Udalak dio Fiteron kultura ezberdinen arteko elkarbizitza baketsua dela

Euskalerria Irratia 2017ko abu. 24a, 13:25

Fiteroko Udaletxea (argazkia: fitero.es)

Udalak eta alkateak ekintza bortitz guztiak gaitzetsi dituzte.

Fiteroko Udalak adierazpen baten bidez “guztiz tamalgarritzat” jo ditu joan den astean herrian izandako erasoak. Halaber, nabarmendu du Fiteron erlijio eta kultura ezberdinetako pertsonen arteko elkarbizitza “baketsua” dela.

Joan den asteazkenean, Guardia Zibilak 18 eta 55 urteko bi gizon atxilotu zituen, hiru adingabe marokoar jo zituztelakoan.

Udalak nabarmendu du Tuterako epaileak  lesio delitua egotzi diela atxilotuei, ez ordea gorroto delitua: “hartara, bazterrean utzi zuen erasook arrazoi ideologiko edo erlijiosoekin lotzeko aukera”.

Udalak, bestalde, tamalgarritzat jo du bai herrian gertaturikoak, baita horrek eduki duen oihartzun mediatikoa ere. “Oso aspaldidanik, erlijio eta kultura ezberdinetako komunitateetako pertsonak harmonia eta bake giroan bizi dira Fiteron, batere arazorik izan gabe, eta ziur gara aurrerantzean ere hala izanen dela, gure herria guztiekin tolerantea baita, guztiekiko errespetua baitu”, irakur daiteke agirian.

Bestalde, erasoa pairatu zuten hiru adingabe marokoarretako baten aitak ere ukatu du gertaturikoaren gibelean islamofobia dagoela: “Hemen sekula ez dugu elkarbizitza arazorik eduki, sekula ez dugu gorrotorik pairatu. Hemen denok, erlijio batekoak eta bestekoak anai-arrebak bezala bizi gara.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!