Karguekin aske geratu dira, Fiteron hiru adingabe marokoar jipoitu dituztelakoan atxiloturiko bi gizonak

Euskalerria Irratia 2017ko abu. 23a, 14:30

Tuterako auzitegia (argazkia: navarra.es)

> Usteko erasotzaileak 18 eta 55 urteko bi gizonezko dira. Erasoa pairatu zutenak, 13 eta 17 urte arteko hiru gaztetxo.
> Bartzelonako eta Cambrilsgo biktimen omenezko minutu bateko isilunearen ondotik gertatu zen erasoa.

Tuterako 2. Instrukzio auzitegiko epaileak atxilotuak aske utzi ditu karguekin, lesio delitua egin dutelakoan, baina ez, ordea, gorroto delitua.

Erasoturiko hiru adingabeek nazionalitate marokoarra dute. Buru-traumatismoa eta zauri irekiak eragin zizkieten, eta konortea galdu zuten, salaketa egiteko tenorean aurkeztu zuten lesio txostenak egiaztatzen duenez. Hiru gaztetxook azaldu zutenez, makil handi batekin jo zituzten, eta irain islamofoboak pairatu zituzten.

Gaztetxook Fiteroko Guardia Zibilaren kasernan aurkezturiko salaketan azaldu zutenez, abuztuaren 19an, Bartzelonako eta Cambrilsgo biktimen omenezko minutu bateko isilunearen ondotik, taberna batean sartzear zirela, gizon bat bultzaka eta irainka hasi zitzaien, eta ez zien tabernan sartzen utzi.

Etxerako bidean zirela, auto bat hurbildu zitzaien, eta barrutik gizon hori bera eta beste bat jaitsi ziren, makil handi batekin, eta kolpeka hasi zitzaizkien, baita irainka ere.

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!