Elkarretaratzea egin zuten atzo Donostian, Aste Nagusiaren bueltan, Altsasuko gazteekin elkartasunez. Gaur, astelehenarekin, Bilbon eginen dute, festen ingurumarian. Iruñeko sanferminetan ere izan zen gazteen aldeko elkarretaratzea, bai eta Gasteizko festetan ere. Hamar gazteri «terrorismo delituak» egozten dizkie fiskalak: 375 urteko kartzela zigorrak galdegin ditu, hamar gazteetako zortzirentzat. Espetxean daude hiru oraindik ere.
"Estatuaren polizia-taldeek ezartzen dizkiguten isun, debeku eta mehatxuek ez gaituzte geldiaraziko. Ez. Eutsiko diogu. Gureekiko maitasuna handiegia baita", esan zuten atzo Donostian.
"Jokoan dagoena ez da, soilik, gure lagunen etorkizuna: gizarte osoaren etorkizuna jokoan dugu. Askatasuna murrizteaz ari gara, oinarrizko eskubideak murrizteaz ari gara, eta legea komeni bezala erabiltzeaz ari gara. Horrek guztiak gizarte osoari eragiten dio. Edozein lekutan goizaldeko ordu txikitan gertatzen den liskarra Altsasun terrorismoa da. Nahikoa da!".