'The Disappointments' taldeak pop doinuz beteko du gaur Iturrama

Euskalerria Irratia 2017ko abu. 4a, 08:24

Kontzertu honekin hasiko da abuztuaren 31ra arte auzoetan doako zortzi musika- zein zirku-emanaldi eskainiko dituen Auzokale programa.

Bihar hasiko da Iturramako bulebarrean Auzokale, auzoetan emanaldiak antolatuko dituen programa, arte anitzetako proposamenekin, eta abuztuaren 31ra arte iraungo duena. Era askotako estilo eta arte eszenikotako zortzi emanaldi izango dira, eta The Disappointments pop taldeak emango dio hasiera, bihar, 20:00etan.

Taldea 2016an sortu zen, Iruñean, eta honako hauek osatzen dute: Alberto Navascués (Hammond organoa), Jon Uribeetxeberria (bateria), Joaquín Pallarés (gitarra elektrikoa) eta Mikel Navacués (baxu elektrikoa). Eskarmentu handiko musikariak dira guztiak, eta oraingo honetan, beren konposizioak aurkeztuko dituzte, non nabaritzen baita soul, bebop, blues eta modjazz estiloen eragina. Erritmoak eta garaiak nahastuz, eta inprobisazioa aintzat hartzen duen estilo batekin, dotorea izango den itxura du kontzertuak, jende ororendako egokia. Talde honen oinarriak batez ere Hammond organoaren soinua eta musika beltzaren eragina dira.

Biharkoa hiriko parkeetan eta plazetan egingo diren zortzi emanaldietako lehena izango da, zeinak hainbat emanaldiren agertoki bihurtuko baitira: clown-zirkua, rocka, swinga, bertsioak, txalaparta zein kultur mestizajearen inguruko musika. The Disappointmentsen ondoren, Rojo Telón konpainiak hartuko du lekukoa. Abuztuaren 7an, astelehenarekin, zirku garaikideko ikuskizuna eskainiko du, 19:30ean, Arrotxapeko Maiteminduen parkean.

Rojo Telónek Haiek Naiz izeneko ikuskizuna aurkeztuko du, euskaraz, eta entzumen urriko pertsonentzat egokitua. Poesiak eta antzerkiak pisu handia duten emanaldi bat eraikiko dute gidoia hezurmamituko duten hiru pertsonaia femeninoek, trapezioak, lurreko akrobaziak eta akrobazia bertikalak zein oihalen mugimenduak baliatuta, clown delakotik gertuago dauden teknikekin batera.

Gainontzeko jarduerak

Abuztuaren 14an, astelehenarekin, euskarazko zirku gehiago egongo da San Frantzisko plazan, Zirika Zirkus konpainiaren eskutik, abuztuko bigarren hamabostaldian, Auzokaleren barruan. Los López zirku-konpainiaren bosgarren belaunaldiak gazteenei lekukoa eman behar die. Oier Bravo, Luis Lainez, Maribel Martínez eta Ainhoa Juanizek bala-gizonak, indartsuak, malabaristak, su-irensleak, etab. hezurmamituko dituzte. Abuztuaren 18an, ostiralarekin, 20:00etan, Karlos III.aren oinezkoendako pasealekuan  egongo da agertokia, Tafalla kaleko bidegurutzean. Bertan Labanda Flowers taldeak Abesti arrakastatsuak & klasikoak joko ditu. Kontzertuak musikaren historian barrena ibilaldi bat egingo du, XX. mendeko 50eko hamarkada amaieratik hasi eta gaur egun arte. Grease, Abba, “movida” garaia... hainbat kantu joko ditu 2009an sortutako talde honek, zeinak biltzen baititu estilo eta musika-prestakuntza osagarriko dozena erdi bat musikari.

Abuztuaren 24an, 25ean eta 28an, Milagrosak, Mendillorrik eta Sanduzelaik hartuko dute lekukoa, bi kontzertu eta zirku-saio batekin. Abuztuaren 24an, 20:00etan, Milagrosako Civivoxeko patioan, proposamena dantza da: The Time Rollers eta Pamplona Swing elkartea. Lindi Hop eta Rock & Rolla gustuko dutela erakusteko prest dauden guztiendako hitzordua  da, non eta dantzaleku batean. Abuztuaren 25ean, Mendillorriko Aintzirako parkean, 20:00etan, Hutsun txalaparta taldeak erritmoa eta melodia uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko du, musika-tresna horren hastapenetatik gaur egunera arte. Eta abuztuaren 28an, astelehenarekin, La Raspa Circo taldeak Freak Show bat eskainiko du, Gortari Doktorearen plazan (Sanduzelai).

Auzokale programa abuztuaren 31n amaituko da, ostegunarekin, Bitartean taldearen kontzertu batekin, Txantreako Salestarren patioan, 20:00etan. Boskote gazte honek eskarmentu handia du musika herrikoia jotzen musika-tresna tradizionalekin, eta euskal musika eta Argentinakoa uztartzen ditu. Albokak, tisxtuak, akordeoiak, perkusioak eta pianoak osatzen dute kultur mestizajearen saio honetako “orkestra”.

Auzokale. Proposamenak auzoetan

Abuztuak 4

  • POP KONTZERTUA
  • The Disappointments
  • Iturramako Bulebarra. 20:00

Abuztuak 7. Euskaraz

  • ZIRKUA
  • Rojo Telón. Haiek Naiz
  • Maiteminduen parkea (Arrotxapea). 19:30
  • Entzumen urriko pertsonentzat egokitua

Abuztuak 14. Euskaraz

  • ZIRKUA
  • Zirika Zirkus. Ondorengoak
  • San Frantzisko plaza. 19:30

Abuztuak 18

  • KONTZERTUA
  • Labanda Flowers. Abesti arrakastatsuak & klasikoak
  • Karlos III.aren etorbidean, Tafalla kaleko bidegurutzean. 20:00

Abuztuak 24

  • KONTZERTUA ETA DANTZA
  • The Time Rollers eta Pamplona Swing elkartea
  • Milagrosako Civivoxeko patioa. 20:00

Abuztuak 25

  • KONTZERTUA
  • Hutsun txalaparta. Txalaparta Hutsa.
  • Mendillorriko Aintzirako Parkea. 20:00

Abuztuak 28

  • ZIRKUA
  • La Raspa Circo. Freak Show
  • Gortari Doktorearen plaza (Sanduzelai). 19:30

Abuztuak 31

  • KONTZERTUA
  • Bitartean
  • Salestarren patioa (Txantrea). 20:00

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!