Kalakan taldeak emango dio hasiera bihar, abuztuaren 3an, ostegunarekin, Harresietako jaialdiari, zeina abuztuaren 3tik 23ra egingo baita, eta 30 bat ekitaldi bilduko ditu, zirkua, musika, dantza, bisita gidatuak eta Harresiak kandelen argipean ardatz hartzen dituzten kaleko ikuskizunak tartean. Kalakanek Harr(ihes)iak ikuskizuna aurkeztuko du, Iruña, Hondarribia eta Baionako udalek ekoiztua, non zirku-artistek parte hartuko baitute, harparen, oboearen eta txalapartaren soinuei eta Kalakanekoen ahotsei moldatuta, eta aldi berean, marrazkilari batek horma-irudi bat osatuko du Erdi Aroko arrasto eta aire garaikidearekin. Ikuskizuna 21:30ean hasiko da, Ziudadelan, Mistoen eraikinaren ondoan dagoen 4. agertokian, eta sarrera librea izango da. Jaialdian bost agertoki izango dira Ziudadelan, non egingo baitira zenbait ziklo.
Ziudadelako agertokian Kalakaneko (txalaparta eta ahotsa) taldekideak izango dira –Jamixel Bereau, Xan Errotabehere eta Pierre Sangla–, eta haiekin batera l’Incontro duoa izango da: Francesca Romana Di Nicola (arpa) eta Itziar Lujanbio (oboea). Ikuskizunean ere Circo Dabitxi malabare-konpainiako David Almazan, Harkaitz Arbizu eta Alain Flores izango dira, eta Txetxu Collado, Maitane Azpiroz, Corine Cella eta Maribel Martínez zirku-artistak. Azkenik, Hondarribiko Josu Maroto diseinatzaileak horma-irudi bat osatuko du, zuzenean.
Harresietako jaialdia Creacity proiektuaren barruan dago. Creacity mugaz gaindiko lan-ildo bat da, Iruña, Hondarribia eta Baionako gotorleku-ondarearen balio turistiko eta kulturala azpimarratzea helburu duena, berrikuntzan oinarritutako turismo kulturaleko eta sormen artistikoko ekimenen bidez. Creacity Espainia, Frantzia eta Andorra arteko Lurralde arteko Lankidetzako programaren funtsekin finantzatzen da (POCTEFA 2014-2020).
Jaialdiaren lehen astea beste jarduera batzuekin osatuko da: ostiralean, 21:30ean, Guadalupeko bastioian, Frantziako 9.81 konpainiak aireko dantza ikuskizuna eskainiko du, Harresiak dantzan zikloaren barruan; larunbatean, Harresien zaindariak bisita gidatua eta, 21:00etan, Harresiak kandelen argipean izango dira; eta igandean, larunbatekoaren antzeko beste bisita gidatu bat, eta Elkhos abesbatzaren kontzertua, San Bartolome Gotorlekuan, 20:00etan.