Irabazi asmorik gabeko zerbitzu komunitarioen irrati lizentzia eskuratzeko aurkeztuko da Eguzki Irratia

Euskalerria Irratia 2017ko abu. 2a, 09:44

Argazkia: Eguzki Irratiko kideek lizentziara aurkezteko asmoaren berri emateko prentsaurrekoa.

"Oso albiste ona" da, irratiaren aburuz, Nafarroako Gobernuaren deialdi publikoa, eta irrati libreen mugimenduaren ondorio dela azpimarratu du.

Irrati komunitarioen ibilbidea gogoan du Eguzki Irratiak: "Gogorarazi behar dugu Espainiako estatuan, aspaldidanik, bazterturik eta legez kanpo egotera behartuak izan direla; eta hori, berriz, Europar Batasunean ez da gertatzen, bertan irrati mota hauek, aspaldidanik ere, onartuak izan direlako eta frekuentziak eman/eskaini dietelako". Hala, positiboki baloratu du Nafarroako Gobernuak ateratako irabazi asmorik gabeko zerbitzu komunitarioen irrati lizentzia eta irratia aurkeztuko dela jakinarazi dute bertako kideek.

"Ilusio handiz eta gogotsu" azaldu dira Eguzki Irratiko parte hartzaileak, lizentzia hori lortzeko asmoz. Beti ere, eskaera zehatza eginda Nafarroako Gobernuari: "Eskatu nahi diogu adi egoteko proiektu komunitario edota irrati libreekin zerikusirik ez duten bestelako proiektu kamuflatuak aurkeztu daitezkeelako, eta horrek, gure ustez, Nafarroako gizartearentzat iruzur handia suposatuko luke".

Lanaren ondorioa

Irrati libreen mugimenduak azken 40 urtetan egindako lanaren ondorioa da deialdia, Eguzki Irratiaren ondorioz. "Aspaldidanik aldarrikatzen ari gara irrati mota hauek daukaten existitzeko eskubidea, haien erregularizazioa eta, era berean, herritarren adierazpen askatasunerako eta informaziorako duten eskubidea ere. Eta ezin ahaztu gure jarduera honek suposatu dizkigun mota guztietako errepresaliak, besteak beste poliziaren eskuetatik pairatu ditugun itxierak, esaterako. Gure kasuan 4 aldiz itxi dizkigute irratia, gure existentzia gustatzen ez zitzaielako".

Gaiaren inguruko irakurketa osorik irakur daiteke Eguzki Irratiaren webgunean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!