Kalera atera dira Nafarroako Gobernuak azpikontraturiko informatika enpresako kideak: informatika zerbitzuaren lizitazio prozesua abiatu du Exekutiboak eta baldintzetan ez du subrogazioa aintzat hartu. Horregatik, kexu dira egun zerbitzua eskaintzen duen enpresako langileak, subrogazioa eskatu dute, euren 50 lanpostuak arriskuan egon ez daitezen. Gobernuak, baina, uko egin dio proposamenari, momentuz, eta, hori dela kausa, ordu bateko lanuztea egin dute, gaur goizean.
Erabaki politikoa
"Erabaki politiko horrek prekarietatea zabaltzen du; azpikontraturiko zerbitzua bada ere, ez dio zerbitzu publikoa izateari uzten", esan du Pablo Sanchez ELA sindikatuko kideak. Halaber, "kalitatezko enpleguaren aldeko Nafarroako Gobernuaren apustua egia bada", atzera egiteko galdegin du.
Eztabaida "termino juridikoetan" kokatu nahi izatea leporatu dio ELAko kideak gobernuari: "Epai batzuek aintzat hartzen dute subrogazioa eta beste batzuek ez; gobernuak erabaki politiko bat hartu behar du, jarrera ausarta izanda".
Hainbat bilera izan dituzte Nafarroako Gobernuaren informatika sailarekin, eta gaur deitu dute elkarretaratzera, lehen aldiz. Iragarri dutenez, mobilizazio gehiago izan daitezke, Exekutiboaren erantzunaren arabera.