Ezbehar larria izan zen igande goizaldean Garesen. Etxebizitza batean sua piztu eta horren eraginez 80 urteko gizasemea hil zen eta beste hogeita hamar pertsona zauritu ziren. Antza denez, eta lehen hipotesien arabera, hildakoaren etxebizitzan piztu zen sua. Gas leherketa batek, bonbona batek sortu zuen. Eta lehen ikerketen arabera baliteke 80 urteko gizonezkoak bere buruaz beste egiteko asmoz leheraraztea etxebizitza, nahita alegia.
Eztanda handia eta su gar handiak sortu dira etxebizitza horretan eta kalera eroritako txintxorrek eragin dituzte beste zaurituak. Hogeita hamar pertsona zauritutik bi, 21 urteko emakumea eta 25 urteko gizona Nafarroako Ospitale Gunean daude Zainketa Intentsiboetako Unitatean, oso larri. Gainerakoak ere ospitalean daude, 19, 21 eta 23 urtetako gazteak dira horietako batzuk, obserbazioan, baina euren egoera ez da horren larria.
Horiez gain 59 urteko gizon bat ospitalean dago gela batean, adin txikiko bat eta bi nagusiri arreta eman ostean alta eman diete eta beste lau pertsonari ezbeharra izan den tokian bertan eskaini diete arreta medikua DYAkoek.
Igande goizaldean izan zen ezbeharra, ordu bata terdiak zirenean. Nafarroako Gorteak kaleko laugarrenean izan zen sutea, Garesen. Herriko jaien amaierako eguna zen igandea, eta sutearen ondorioz kalera erori ziren etxebizitzaren zatiek kalean ziren batez ere gazteak kaltetu zituzten.
Etxebizitza osoan kalte esanguratsuak eragin ditu gertaerak eta bertan bizi ziren gainerako bizilagunak beste toki batzuetara eraman behar izan dituzte. Bost dira guztira etxebizitzetatik kanporatu dituzten familiak bi eraikin hutsarazi baitituzte.
Goizeko zortzietatik aurrera, duela ordu erdi, Garesko Udalak bulego berezia zabalik du leherketa horren kalteak izan dituztenak atenditzeko. Arkitektuak eta perituak izanen dira bi eraikin horietan kalteak zenbaterainokoak diren aztertzeko eta erabakitzeko familia horiekin zer egin, euren etxeetara itzultzerik duten edo beste bizileku bat jarri beharko zaien erabakitzeko.
Kalteak aztertzen ari dira
Arkitektuak eta perituak izan dira gaur goizean hustu dituzten bi eraikinen azterketa egiten. Kanpotik ikuskatu dituzte. Oraingoz barrura sartzeko aukerarik ez dute polizia ikertzen ari delako bertan gertatutakoa. Oraindik ezin jakin kalteak zenbaterainokoak dira. Bi etxebizitza dira hustu dituztenak eta bost familia dauden euren etxeetatik kanpo. Alkateak jakinarazi duenez, Nasuvinsarekin dagoeneko hitz egin dute, beharrezkoa izanez gero Nafarroako Gobernuaren etxebizitzak eskuragarri jartzeko familia horientzako.