Mendekotasuna duten adinduentzako plazak bikoiztuko dituzte eguneko zentroetan

Euskalerria Irratia 2017ko uzt. 31a, 13:09

Adinduentzako plaza gehiago eskainiko dituzte.

72 plaza ziren orain arte zeudenak eta orain 140 plaza izanen dira, horietatik 20 publikoak eta 120 kontzertatuak izanen dira.  

Eguneko zentroetan plazak bikoiztu eginen dituzte mendekotasunen bat duten adinduak atenditzeko. Orain  arte gainera eguneko zentro horiek eskaintza Iruñean eta Iruñerrian baino ez zuten, eta plazak bikoiztearekin batera Nafarroa osora ere zabalduko dituzte. Eskubide Sozialetarako presidenteordeak eman du albistea. Nabarmendu du 72 plaza zirela orain arte zeudenak eta orain 140 plaza izanen direla, horietatik 20 publikoak eta 120 kontzertatuak izanen dira.  

24 orduz zentro batean izan ordez, mendekotasunarekin bizi ahal izateko baliabideak eta menpekotasun hori larriago izatera ez pasatzeko laguntza da eskainiko dutena eguneko zentro horietan.

Gobernuko Kontratazioetarako Atarian jarri dute eskuragarri eskaintza hori egiteko prest dauden zentroek proposamenak egin ditzaten.

8,2 milioi euro bideratuko ditu datozen lau urteetarako halako hitzarmena mantendu ahal izateko, hala, plaza bakoitzeko 1.027 euro bideratuko ditu eta garraioa behar izanez gero 1.187 euro izanen lirateke.

Orain arte esan dugu 72 plaza izan direla eskaini direnak: 15 publikoak dira Vergel zentroan, 57 dira kontzertatuak; beste 30 Landazabeln, 20 Baguadan eta 7 Padre Meni klinikan.

Gaur aurkeztutako akordioaren bitartez, Vergelen beste 5 plaza eskainiko dira publikoak eta guztira 20 izanen dira publikoak. Gainerakoak kontzertatuak.

Bizitza Independenterako Bulegoa

Horrez gain, Miguel Laparra kontseilariak beste iragarpen bat ere egin du. Bizitza Independenterako Bulegoa zabalduko dutela. Mendekotasunen bat duten pertsonen senitartekoentzat bideratutako zerbitzua izanen da. Babesa eta laguntza ematea izanen du xede. Tramiteak eta prozedimenduak egiteko ere laguntza teknikoa eskainiko du. Irailaren 1etik aurrera izanen da erabilgarri. Oraindik ez dago zehaztua Iruñean edo Iruñerrian zabalduko duten. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!