Emakume bat hil zen iragan ostiralean, Arrotxapeko Martzelo Zelaieta kalean, semaforoa berde zegoenean kalea gurutzatzen ari zela, auto batek harrapatu ostean. 50 kilometro orduko abiaduran zihoan ibilgailua. Hamabost metrotara bota zuen emakumea.
Mugikortasun seguruagoaren aldeko elkarretaratzera deitu du hori dela kausa 8-80 Plataformak, gaur, astelehenarekin, 20:00etan, Bernardino Tirapu eta Martzelo Zelaieta kaleak gurutzatzen diren tokian.
"Azken hilabeteetan autoen kolpeen ondorioz hildakoak pilatzen ari dira etengabe eta instituzioek erabakirik hartu gabe holako gertaerak errepika ez daitezen. Trafikoa baretzea, ibiltarien eta txirridularien mugikortasuna hobetzea eta garraio publikoak nabarmen bultzatzea aldarrikatzen dugu", esan du 8-80 Plataformak.