Polizia Legeari zuzenketak egiteko epea irailera arte luzatu dute

Euskalerria Irratia 2017ko eka. 27a, 08:56

Sindikatuek eskatu eta Ahal Duguk eta Ezkerrak eskariari men egin ostean zabalduko dute zuzenketa tartea. Geroa Baik eta EH Bilduk lauko beste bien eskaerari babesa azaldu diote.

Harrotuta daude urak Polizia Legearen karietara eta gobernua sostengatzen duten lau indarrentzat pitzadura iturri izan daiteke. Nolanahi ere, jarrera bateratze bidean da, denbora gehiago hartzeko bai behintzat: hiru hilabete luzatu dute legeari zuzenketak egiteko epea, irailera arte, hain justu. 

Une honetan, bi sindikaturekin negoziatzen ari da Nafarroako Gobernua, Foruzaingoan gehiangoa dutenekin, alegia, eta kexu dira ingurukoak: CCOO, ELA, UGT, AFAPNA, AUXPOLNA eta SPMME sindikatuek lege proiektua bertan behera uzteko eta negoziazio prozesu berria egiteko eskatu dute, esaterako, eta 3.600 sinadura aurkeztu dituzte, parlamentuan.

Ahal Duguk eta Ezkerrak ezinbestekotzat jo dute sindikatu guztiekin akordioa lortzea, eta, hori del madio, haiek egin dute epea luzatzeko eskaera. Babesa eman diete Geroa Baik eta EH Bilduk. Nolanahi ere, EH Bilduk oroitarazi du badaudela kontu politiko hainbat, legearen bueltan, eta horiek ezin direla sindikatuen esku geratu, hala nola, polizia kopurua. 

Sindikatuek diote mahai gainean dagoen proiektuak lan baldintzak kaltetzen dituela. Soldatari dagokionez, 5,2 milioi euro gehiago aurreikusten ditu lege berriak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!