Neguan, astelehenetik ostiralera egonen da irekita, 09:30etik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara. Udan, astelehen, asteazken eta ostiraletan, 09:00etatik 17:00etara, ordutegi jarraian, eta astearte eta ostegunetan, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara. Aurrez aurreko arretaz gain, laguntza telematikoa egonen da lgtbi@pamplona.es helbide elektronikoaren bidez, eta 948226326 telefonora deitzeko aukera.
Harrotu Gunean badaude areto bat eta LGTBI gaian espezializatutako hainbat liburu, agiri, ikus-entzunezko eta multimedia baliabide biltzen dituen dokumentu-funts bat. Norbanakoei eta taldeei arta sexuala eta psikosoziala emango zaie eta elkarri laguntzeko taldeak sortuko dira, eta, halakorik behar denean, beste zerbitzu batzuetara bideratzeko kudeaketa-lanak egingo dira. Gunean B mailako 3 teknikari arituko dira, bat LGTBI laguntza eta sustapenean espezializatua, eta bi sexu- eta genero-aniztasunari arta emateko zerbitzuan.
Informazio-kanpainak, jarduerak, espazioak lagatzea, erakusketak...
Besteak beste, Udalaren gune honen ardurak dira: informazio- eta sentsibilizazio-kanpainen antolaketa, jardueren programazioa eta hedapena, koordinazioa sexu- eta genero-aniztasunaren alde lan egiten duten entitate publiko eta pribatuekin, boluntarioen parte-hartzearen dinamizazioa, aretoak eta erakusketa-guneen lagapena eta bibliografiaren antolaketa eta mailegua. Zerbitzuak Gunean bertan nahiz kanpoan dauden espazioak ditu informazio eta arta sexual eta psikosoziala emateko (sexu-orientazioa), eta transexualei berariazko arta sexuala eskaintzeko (genero-identitatea).
Gune horrekin, Udalak kolektiboen eta, oro har, gizartearen eskaerei erantzun nahi die, gizarteak berak kolektibo horiei eragiten dien bakartasuna, bazterkeria, ezinegona eta erasoak errotik kentzeko. Izan ere, gizarteak kolektibo horiek baztertu, erreprimitu eta gaizki tratatzen ditu heterosexualen araberako arauekin bat ez datozen sexu- edota genero-orientazioa edukitzeagatik. Hori guztia kontuan hartuta sortu da LGTBI kolektiboko pertsonei arreta profesionala emateko zerbitzua sortzeko ekimena.