Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bidalitako 84 gutun jaso ditu, momentuz, Nafarroako presidenteak: sakabaneketa politika "hiltzailearekin" amaitzeko eskatu diote. EAEko lehendakari Iñigo Urkulluri eta Euskadi Buru Batzarrari ere helarazi dizkiete eskutitzak.
Atzo, hain justu, Euskadi Buru Batzarreko buru Andoni Ortuzarrek jakinarazi zuen Euskal Preso Politikoen Kolektibotik bidalitako gutunei erantzuna eman diela, esanez EAJ espetxe politika aldatzeko "aspaldi" eskatu zuela, eta urruntzea amai dadin "konpromiso argia" adieraziz.
Gaur, Barkosek esan du "ezaguna" dela Nafarroako Gobernuak dispertsioaren aurkako jarrera daukala. Dena dela, oraindik ez ditu iritsitako 84 gutunak erantzun, baina, haren hitzetan, erantzun eginen ditu.
"Nafarroako Gobernuak gai honetan eta beste zenbait gaietan eskakizunak jasotzen ditu egunero. Oraingoan, zenbakia potoloa da, eta hausnarketak, noski, eginak daude dagoeneko gobernuaren aldetik. Jasoko ditugu eta erantzuna emanen dugu", adierazi du. Hausnarketa horiek "dispertsioaren kontrakoak" dira, esan duenez.