Hobitik atera dituzte bi presoren gorpuzkiak Lintzoainen, Erroibarren. Ezkabako presondegitik ihes egindako bi pertsonarenak ziren. Hala, guztira 2017an 13 izan dira hobietatik atera dituzten gorpuzkiak.
Asteburuan izan da desobiratzea. Gorpuzkiek eskuak elkarturik zituzten eta uste dute lotuta zituztela hil zituzten unean. Gorpuekin batera pistola jaurtigaia ere topatu dute.
Ematen du Oianederren topatu zituztela, Erro eta Lintzoain herrien artean. Sorogainera iritsi zirelarik, atzera egitera behartuak ikusi zituzten euren buruak frankistak ikusi baitzituzten presoen bila zebiltzala. Frankistek ere ikusi egin zituzten eta hil egin zituzten. Gero, Lintzoainen lurperatu zituzten bi preso horien gorpuak.
Ezkaba Proiektuaren barruan kokatu dituzte azken bi desobiratze horiek ere. Nafarroako Gobernua Memoria Historikoaren legea betetzen ari den egitasmoetako bat da hori.