Polizien lege aurreproiektuaren aurka daude ELA, UGT, CCOO, Afapna, SPPME eta Auxplona

Euskalerria Irratia 2017ko eka. 6a, 13:25

Langileen eskubideak "murrizten" dituela diote; "inplikatutako agente guztiekin" negoziatzeko eskatu diote gobernuari, ez soilik APF eta CSIF/SPFrekin.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Mahaian, Polizien arloan, ordezkaritza gehien duten sindikatuek agerraldia egin dute gaur goizean, Nafarroako Parlamentuan eztabaidatzen ari diren Poliziaren lege aurreproiektua arbuiatzeko. Izan ere, baldintzak okerrera eginen luketela uste dute ELAk, CCOOek, UGTk eta udaltzainen hainbat sindikatuk; hala adierazi du CCOOeko bozeramaile, Javier Ojerek: "Malgutasun handiagoa, ordutegia aldaketak, lan jardun luzeagoak, diziplina erregimen zorrotzagoak…" horiek denak ezarriko lituzke parlamentuak esku artean daukan proposamenak aurrera eginez gero.

Orain, bi sindikaturekin negoziatzen ari da Polizien legea aurreproiektua Gobernua, APF eta CSIFekin; kexu dira, baina, gainontzeko sindikatuak, bi sindikatu horiek "Foruzaingoan baino ez baitute gehiengoa"; eta beren aburuz, "Polizia guztiak" hartu beharko lituzke aintzat Exekutiboak.

"Negoziazio erreala"

Horregatik, eskaera egin diete talde parlamentariei, eta bereziki Ahal Duguri -hura izan da-eta desadostasun gehien adierazi duena publikoki Polizien Legearekiko-, ez dezatela negoziatu proposamena, "oinarrian langileen eskubideak murriztea" dauka eta.

Eskaera argia egin diote Exkutiboari: "negoziazio erreala" zabal dezan, "inplikatutako agente guztiak aintzat hartuta". "Segurtasun publikoa bermatuko lukeen Polizia ereduaren aldeko apustu irmoa" eskatu diote, eredu "integratzailea", "ez dezala zatitu ezta bat edo beste lehenetsi ere".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!