Imarkoaingo logistika zentroa itxiko du Decathlonen: 130 behargin geratuko lirateke kalean, hala balitz; horregatik, 'Puntu beltza' eman dio enplegua banatzearen aldeko Banatu taldeak, prekarietatea sustatzeagatik. Langileak birkolokatuko dituela adierazi die enpresak, publikoki horren inguruko inongo konpromisorik hartu ez duen arren.
"Irabaziak handitzen ari den bitartean" hartu du Decathlonek erabakia, "baliabideak metatzen dituen artean, prekarietatea baino ez die eskaintzen langileei", salatu dute. Decathlon y la situación laboral de los jóvenes en Navarra -gaztelaniaz entzun daiteke hemen lanaren inguruko solasaldia- ikerketa egin zuten berriki hainbat soziologo gaztek, enpresaren lan baldintzak salatu asmotan: behin behinekotasun tasa handia, malgutasuna, aparteko orduak, formazio baxua, soldata eskasak... Are, ez dago ez Enpresa Batzorderik, ez sindikaturik ere.
'Puntu Berdea': banatu dutenentzat
Lana banatzeagatik eman duten 'Puntu berdea' Nafarroako Administrazioari eskaini diote, zehatzago, 2014tik lan jarduna, gutxituta, banatu duten langile horiei. Lan jardunak murriztekotan, "kalitatezko enplegua" sortu eta kotizazioak "handituko" lirateke, bai eta "bizitzeko denbora berreskuratu" ere. Horrek, noski, "enpresa munduko irabazien inguruan eztabaidatzea dakar".