Zinema: emakumeek egindako lanak erdigunean

Euskalerria Irratia 2017ko eka. 2a, 08:33

Zinea eta emakumeen 31. zinema jaialdia antolatu du Ipes-Gite elkarteak, Golemekin elkarlanean, ekainaren 9tik 16ra.

Adoptatu berri duten 6 urteko neska baten bizitza kontatzen duen Verano 1993 pelikula; Chavela Vargas kantariari egindako elkarrizketa biltzen duen Chavela filma; gaztaroan dagoen neska baten bizipenak kontatzen dituen Aurora; laku baten inguruan eta mundu introspektiboaren bueltan eraikitako La idea de un lago; alaba kentzen dioten ama lesbiana bati buruzko Rara obra; eta Marie Curie lana, zientzialari famatuari buruzkoa. Horiek dira Zinea eta emakumeen 31. zinema jaialdian eskainiko dituztenetako batzuk. Horiez gainera, laburmetraiek ere pantaila hartuko dute.

Ekainaren 9tik 16ra

Ipes-gite elkarteak eta Golem Zinemak antolatzen dute eta Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza dauka. Goizez eta arratsaldez izanen dira emanaldiak.

Ez dira soilik ikus entzulezko lanak izanen, dena dela; hainbat  aditu ere etorriko dira, lanen ostean "hausnarketa, eztabaida eta analisia" bultzatzeko xedez, Ipeseko kide Idoia Uhartek adierazi duenez. "Puzzle bat" osatzen saiatu dira emakume sortzaile hainbati tokia eginez. Helburuei dagokienez, emakumeen lana "azaleratu" nahi dute, baita emakume eredu anitzak protagonista dituzten filmak eman ere.

Informazio guztia Ipesen webgunean aurki daiteke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!