"Laburra" izanen da "Nafarroako banderaren defentsan" antolatutako larunbateko manifestazioa, "Real Madrilaren finala ikusteko" Doble 12ko Ricardo Guelbenzuren hitzetan. Horrez gainera, Nafarroako bandera ez beste deus ez eramateko deialdia zabaldu du: "Ez dugu jendeak polemikarik sortzerik nahi".
"Gehiengo parlamentarioak Sinboloen Legea bertan behera utzi du, eta, beraz, oraingo gehiengo parlamentarioaren kontra gaude, noski", ziurtatu du.
Banderadenavarra.org webguneko kudeatzaileek hainbat irudi zabaldu dituzte sare sozialetan manifestaziora dei egiteko, tartean, Nafarroako bandera duen aterki bat, euri tanten forman erortzen diren ikurrinez babesteko.